Bilbo, 2009ko otsailaren 25a. Bihar, Euskara Sailaren Harrapazank programa kulturalaren bigarren tailer musikala garatuko da. Topaketa hau 12 eta 16 urte bitarteko gaztetxoei zuzendutako jarduera erakargarri eta berritzaile ugari biltzen dituen ekimenaren barruan dago.
Horrela, Zea Mays taldeko Aiora Renteriak eta Kerobiako Xabi Fernandezek "Ahotsa eta Hitzak" tailerra emango dute. Bilborock aretoan egingo da bihar, osteguna, otsailaren 25a, 19:30ean".
Jabi Onaindia irrati esatariak, moderatzaile lanean, musikariak elkarrizketatuko ditu. Bertan musikari parte hartzailei buruzko aurkezpen multimendia bat proiektatuko da; musikari bakoitzak erakustaldi labur bat burutu eta publikoaren galderak erantzungo dituzte haien esperientziari, ibilbideari eta erabiltzen dituzten teknikei buruz.
Hurrengo saioak izango dira:
- Abesti sorkuntza eta gitarra. Otsailaren 26a. 19:30ean Gorka Urbizu (Berri Txarrak) eta Etxe.
- Baxua, kantaren oinarri erritmikoa. Martxoaren 4a. 19:30ean Josi Gimenez (Doctor Deseo) eta Ekaitz Hernandez (Split 77).
- Ordenagailu bidezko musika sorkuntza. Apirilaren 23an eta 30ean. Ibaiondo-La Bolsa Udaltegia. Jon Elizaldek, zenbait musikari eta musika talderekin (Fermin Muguruza, besteak beste) ibilitakoa.
"Jozank" Sugan eta Kauta taldeen kontzertuarekin osatuko da. Emanaldia Bilborock Aretoan izango da martxoaren 13an, ostirala, 20:00etan. Sarrerak Bilborocken eta BBK-ren orotariko kutxazainetan, telefono bidez eta interneten egongo dira salgai 6 eurotara.
"Harrapazank" programak gure hizkuntza, irakaskuntzatik kanpoko eremuetan, eguneroko hartu-emanetako hizkuntza izatea lortu nahi du Bilboko gazteen artean, eta, era berean, euskararen erabilera sustatzea du xede bai eta gazteentzako kultur eskaintza handitzea ere.