-
Euskara:
-
Euskal Autonomia Erkidegoko berezko hizkuntza da.
-
Hizkuntza ofiziala da Euskal Autonomia Erkidegoan, gaztelaniarekin batera.
-
-
Herritarren hizkuntza-eskubideak Euskal Autonomia Erkidegoan:
-
Herritar guztiek dute euskara eta gaztelania hitzez eta idatziz ezagutzeko eta erabiltzeko eskubidea.
-
Inork ez du kalterik jasoko hizkuntza ofizial bata edo bestea erabiltzeagatik edo ez erabiltzeagatik.
-
Ikasketak bi hizkuntza ofizialetan egiteko eskubidea.
-
Komunikabideetako mezuak eta abar (aldizkari, irrati, telebista…) euskaraz jasotzeko eskubidea.
-
Euskaraz aritzeko eskubidea lanbide- eta lan-jardueran eta jarduera politikoan eta sindikalean.
-
Edozein bilkuratan euskaraz egiteko eskubidea.
-
Herritarrak kontsumitzaile eta erabiltzaile diren neurrian, ondasun eta zerbitzuei buruzko informazioa euskaraz zein gaztelaniaz jasotzeko eskubidea.
-
Autonomia Erkidegoan dauden enpresa edo establezimenduekin dituzten harremanetan, ofizialak diren bi hizkuntzetako edozein erabiltzeko eskubidea.
-
Administrazio publikoekin dituzten harremanetan euskera nahiz gaztelania erabiltzeko eskubidea, eta herritarrak aukeratutako hizkuntza ofizialean hartuak izatekoa.
-
Eskubide horiek guztiak bermatzeko, bai eta horrek administrazioari eskatzen dizkion betebeharrak gauzatzeko, dagokion administrazioko erakunde arauemaileak arautuko du alor bakoitzerako neurri egokiak har daitezen.
Hizkuntza-eskubide horiek udalaren administrazio eremuan bermatu ahal izateko, Bilboko Udalak 1999 urtean Euskeraren Erabilera Normalizatzeko Plana Bilboko Udaletxean onartu zuen.
Euskararen Erabilera Normalizatzeko Planean zenbait neurri eta irizpide ezarri ziren Bilboko Udala apurka-apurka gero eta administrazio elebidunagoa izan zedin eta emandako zerbitzuan herritarren hizkuntza hautuak errespetatu zitezen.
Euskara eta Hezkuntza Sailak gainbegiratzen du Udalak ematen dituen zerbitzuetan herritarren hizkuntza eskubideak bermatu daitezen, bai eta herritarrek jarritako kexa eta iradokizunak jaso eta bideratu daitezen ere.
Herritarren eskubideei buruzko argibide gehiagorako Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren menpeko ELEBIDEra (Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko zerbitzua) zuzendu zaitezke.