Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculuma sei mailatan egituratua aurkezten da; elkarreragin soziodiskurtsiboan ardaztua, hizkuntzaren ikuspegi komunikatiboan oinarritua, ekintza komunikatibotan definitua, eta euskararen ezaugarri eta egoera soziolinguistikora egokitua.
Oinarrizko curriculum honek indarrean jartzen dituen euskararen sei gaitasun-mailak (A1, A2, B1, B2, C1 eta C2) Europako Kontseiluak onartutako Hizkuntzen Erreferentzia Marko Bateratuan zehaztutako mailen gidalerroetan oinarritu dira, eta euskararen ezaugarri eta egoera soziolinguistikora egokitu.
Horrela, hiru lerrunetan bildu dira sei maila horiek:
Oinarrizko lerruna (A1 eta A2): oinarrizko erabiltzailea
Lerrun aurreratua (B1 eta B2): erabiltzaile aurreratua
Adituaren lerruna (C1 eta C2): erabiltzaile aditua
Maila hauek gainditzeko HABEk egiaztatze deialdiak antolatzen ditu.
Deialdiak hauek dira:
- Euskaltegiko ikasleen deialdia: euskaltegi batean matrikulatuta egon direnentzat.
- Deialdi irekia: Ez da beharrezkoa euskaltegi batean matrikulatuta egotea.
- Deialdi berezia (Euskal Etxeak): Euskal Etxeetako euskara-ikaslea izan behar da.