"Euskararekin gure etxea eraikitzen" izenpean, euskara geroratzearen garrantzia azpimarratu, irakaskuntzan euskarazko ereduetan matrikulatzea sustatu eta aisialdian euskarazko jolasak, abestiak eta ipuinak erabiltzea areagotu nahi da.
Euskara ikasteko diru laguntzak
Gurasoek triptikoan bertan izango dute euskara ikasteko diru laguntza programan izena emateko inprimakia.
Datorren ikasturteari begira, Euskara Sailak abian jarri du gurasoei zuzendutako euskara ikasteko diru-laguntza programa. Ekimenaren helburu nagusia da gurasoek hizkuntza gaitasun nahikoa izatea seme-alabekin euskaraz berba egin ahal izateko. Diru-laguntzak eskuratzeko baldintza hauek bete behar dira: semea/alaba D edo B ereduan matrikulatuta egotea, euskaltegian hasierako mailetan ikasten hasi behar izanez gero, seme/alabak gehienez 5 urte izatea; Bilboko euskaltegi batean egunero bi orduko klaseak hartzea, astelehenetik ostiralera eta urritik ekainera, edo autoikaskuntza modalitateko ikastaro batean izena ematea; gurasoek lehenengo hiruhilekoa ordaintzea eta gainerakoa Euskara Sailak; eta azkenik, laguntza eskuratzen jarraitzeko, gutxienez bi urrats gainditzea kurtsoko.
Eskabideak Euskara Sailaren bulegoan (08:30etik 13:00ra), Barrutietako Udal Bulegoetan, Udaleko web gunean (www.bilbao.net) edo 010 zenbakira deituta egin ahal dira, irailaren 1etik 23ra. Eskabidea egin ondoren, matrikula egin behar da aukeratutako euskaltegian; horretarako irail osoa izango dute. Euskara Saila zuzenean jarriko da harremanetan euskaltegiekin.
Iazko ikasturtean, 336 gurasok jaso zuten euskara ikasteko laguntza.