Bizkaiko 16 udalerrik eta bi mankomunitatek eskola-kirolaren bidez euskara sustatzeko Euskara eta kirola izeneko kanpainan parte hartuko dute, horien artean Bilboko Udalak. Alkarbide Bizkaiko Euskara Zerbitzuen bilguneak koordinatu du ekimena.
Kanpaina 6 eta 16 urte bitarteko haurrei eta haien gurasoei zuzenduta dago eta euskararekiko sentsibilizazioa piztu nahi dute. Horretarako bost kirol poster argitaratu dituzte eta bertan jokalari ezagunak agertzen dira euskarazko hainbat mezurekin. Posterretan besteak beste honako mezuak bildu dituzte: Jokorik garbiena euskaraz!, Arraunean blaietz!, Eskuz eta ahoz, bizi-bizi!… Guztira, 2.000 poster banatuko dituzte udalerrietan.
Bestalde, beroketa eta luzapen ariketen zortzi orrialdeko liburuxka eta gurasoentzat aupa oihuak biltzen dituen egutegia ere prestatu dituzte. Egutegiaren bidez, gurasoak umeak ikustera joaten direnean euskaraz animatzea lortu nahi dute. Aupa oihu horiek telefono mugikorretara deskarga daitezke saretik. Guztira, liburuxkaren 25.000 ale eta egutegiaren 40.000 ale banatuko dituzte.