D bitamina. Aberastu bere heziketa! izeneko ekimenarekin bat egin du Bilboko Udalak. Informazio-kanpaina horren helburua 2-3 urteko haurrak eskolan lehen aldiz matrikulatzen dituzten gurasoei D ereduari buruzko informazioa ematea eta eredu hori aukeratzeko arrazoiak azpimarratzea da. Horretarako, udalak 3.000 gutun bidaliko ditu. Gurasoek hausnartzeko astia izan dezaten 2-3 urteko umeen eskolatze-aldia baino zertxobait lehenago jarri dute martxan kanpaina.
Etxeetara bidaliko dituzten gutunez gain, eskolan hasiko diren haurrentzako opari bat banatuko dute, hain zuzen kanpainaren leloa idatzita duen neurgailua. Zenbait udalerritan kanpainaren berri emateko kartelak ere jarriko dituzte 2-3 urteko haurren gurasoak ibili ohi diren tokietan. Alkarbide Bizkaiko euskara zerbitzuen bilguneak koordinatzen du ekimena eta guztira, Bizkaiko 23 udal eta 3 mankomunitatek hartzen dute parte.