Mendebalde Kultura Alkarteak antolatutako jardunaldiotan gaur egungo Bilbo eta euskarak eta euskaldunek urian duten egoera izango dira aztergai, zenbait ikuspegi kontuan hartuta: Bilbok izan duen bilakaera urbanistikoa eta soziala, euskararen erabilera urian, euskalduntze-prozesua aurrera eroateko ekimenak, uriko euskal komunikabideak etab.
Parte hartzaileak eta landutako arloa honako hauek ditugu:
- Joseba Zulaika antropologo eta Nevadako (Reno) Unibertsitateko Euskal Ikasketen Zentroko irakasleak Bilbo modernoaren giltzarriak jorratuko ditu: gerra eta gerraosteko egoera latza, Unamunoren literatura, indarkeria politikoa, industrializazioa, Guggenheim etab.
- Pedro eta Aitor Zuberogoitia "Bertan Bilbo" izeneko liburuaren egileak dira eta gaur egun euskarak Bilbon duen egoeraz arituko dira, "Bilbo postindustrialaren bigarren eraldaketaz", euren esanetan.
- Iñaki Gaminde filologo eta EHUko irakasleak Bilboko gazte euskaldunen ezaugarri linguistikoak aurkeztuko ditu.
- Bilbo euskalduntzeko gauzatzen diren ekimenei buruz jardungo dute, alde batetik, Jose Joaquin Gallastegi Bilboko Udaleko euskarako teknikariak administrazioaren lana aztertzeko; bestaldetik, Jose Angel Irigarai idazleak “Sorkuntza bideak: ez dok amairutik kafe antzokira” gai hartuta; eta Manu Aurrekoetxea Bizkaiko Ikastolen Elkarteko zuzendaria euskara bultzatzeko ikastolek egin duten leba handiko jorratzeko.
Berbaldien ostean, mahai-ingurua egingo da Bilboko euskal komunikabideen gainekoa. Parte-hartzaileak: Goizalde Landabaso idazlea, Euskadi Irratiko kazetaria eta bestelako argitalpen eta komunikabideetako kolaboratzailea; Asier Larrinaga EITBko Euskara Zerbitzuaren arduraduna eta Naroa Iturri Hamaika Telebistako kazetaria izango dira. Moderatzaile lanetan Juantxu Rekalde arituko da.
Jardunaldiak amaitzeko omenaldia egingo zaio Euskerazaleak Alkarteari, Bizkaian bizkaiera eta euskara indartzeko 35 urte kera barik beharrean ibili den eta dabilen elkarteari, hain zuzen.
Jardunaldien antolaketan honako hauek ere izan dira partaide: Bilboko Udala, BBK, Eusko Jaurlaritzako Kultura Saila, Bizkaiko Foru Aldundia eta Metro Bilbao.