"Udaberriko Bertso Saioak", Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak eta Santutxuko Bertso Eskolak elkarlanean antolatzen duten bertsolaritzari buruzko programak larunbat honetan irekiko du bere XXVI. edizioa, Santutxuko Karmelo plazan, luxuzko programazioarekin. Joan den abenduan Final handiaz gozatu ahal izan zutenek aukera izango dute egungo txapelduna, Maialen Lujanbio, eszenatokian ikusteko, errebantxa eskatuko dioten beste hiru finalistekin batera, Andoni Egaña, Sustrai Colina eta Aitor Sarriegi. Hitzordua larunbat honetan, maiatzaren 8an, izango da, eguerdiko 13:00etatik aurrera.
Maiatzaren 15eko hitzordua, txapelketan oso lan ona egin zuten lau bertsolari gazte izango ditugu gurekin. Uxue Alberdi gipuzkoarrak hiru bertsolari bizkaitar izango ditu aurrez aurre, Miren Amuriza, Arkaitz Estiballes eta Fredi Paia.
Aire zabaleko azken saioa Maiatzaren 22AN izango da, eguerdiko 13:00etan, Karmelo plazan, aurrekoak bezala. Oraingo honetan, Euskal Herriko Txapelketako azkeneko finalean parte hartu zuten beste lau bertsolari izango ditugu: Amets Arzallus –egungo Iparraldeko txapelduna–, Aitor Mendiluze, Gipuzkoako txapelduna, eta lau aldiz final nagusian izan diren Jon Maia eta Unai Iturriaga.