Azkue Fundazioak antolatuta “Jakintza librearen jardunaldiak” egingo dira maiatzaren 17tik 19ra, Bizkaiko Foru Aldundiaren liburutegian. Hiru egunetan zehar, eztabaidak, berbaldiak eta hainbat jarduera izango dira, beti ere euskara eta software librea ardatz hartuta. Fundazioak Interneten arloan euskararen inguruan dauden erronkei buruz hausnartzea nahi du.
Prestatu duten egitarauaren baitan aipagarria da lehen wiki-ipuina euskaraz osatzen ahaleginduko direla. Bestalde, Open Space-a egingo da Marko Txopitea (www.ikusimakusi.net), Gorka Palazio (www.palazio.org) eta Maite Goñirekin (www.euskaljakintza.com, www.ikteroak.blogsome.com) blogalariekin. Jardunaldien azken egunean, berriz, “Euskara sarea josten” mahai-ingurua izango da eta bertan, Unai Fernandez de Betoñok (Euskarazko Wikipediako kidea eta EHUko arkitektura irakaslea), Patxi Gaztelumendik (Librezale.org) eta Luistxo Fernandezek (CodeSyntax) hartuko dute parte.