Orain dela bi urte Axularren Gero izan zen Klasikoen irakurraldi etenik gabe ekimenaren protagonista eta iaz Mogelen Peru Abarca. Aurten Jon Miranderen Haur besoetakoa literatura obraren txanda da. Irakurraldia ekainaren 16an egingo da Arriaga antzokian 08:00etatik 20:00etara.
Bilbo Zaharra euskaltegia da ekimen honen antolatzailea: “Zer irakurri erabakitzeko orduan, orain arte, ordena kronologikoaren irizpidea baliatu dugu. Hots, XVII. mendeko liburu batekin hasi, XVIII-XIX. mendeen arteko beste batekin segi eta XX. mendera iritsi gara. Bi jauzi izan dira, ehun eta hirurogei urte ingurukoa bakoitza, euskal literaturaren historian barrena.
- Gero (1643)
- Peru Abarca (1802)
- Haur besoetakoa (1959)
Izan ere, horixe zen lehendabiziko hiru irakurketekin lortu nahi genuena: historia horren erakuskaritzat balio lezakeen hautaketa duin bat eskaintzea. Halatan, bada, gure ekimenaren “lehen aroa” betea dela esan dezakegu. Datorren urtean, irizpidez aldatu beharrean gara, ezinbestez”.
Bilbo Zaharrak, Euskaltzaindiarekin sinatutako hitzarmenaren laguntzaz, “Euskal kulturaren ajeak eta literatura” foroa antolatzen du gaur eguneko idazlerik ezagunenekin.
Irakurraldiarekin lotzeko, hurrengo Bilbo Zaharra Forumaren jardunaldian Jon Miranderen Haur besoetakoa izango da hizpide.
- Ekainaren 3a: Katixa Agirre, Josune Muñoz eta Laura Mintegi
- Ekainaren 10a: Txomin Peillen eta Pablo Joxe Aristorena
- Ekainaren 15a: Bernardo Atxaga
Hitzaldi guztiak 19:00etan izango dira Euskaltzaindiako Egoitzan, Bilboko Plaza Barrian.
Lotura interesgarria: Klasikoen gordailua
HABE aldizkarian argitaratu da Jon Miranderen Haur besoetakoa liburuari buruzko sekuentzia didaktikoa.