Jon Miranderen Haur Besoetakoa, euskal literaturako euskarazko klasiko garrantzitsuenetako bat, Arriaga Antzokian egongo da, Bilbo Zaharra Euskaltegiak Bilboko Udalaren eta Ipar Kutxaren babesarekin antolatzen duen “Klasikoen III. Irakurraldian”, urteroko Euskara Ikasleen Jaiaren barruan.
Helburua da euskara ikasle guztien ahalegina txalotzea, aintzat hartzea eta hizkuntza ezagutzeko egin duten ahaleginagatik omentzea. Eta hori guztia, aldi berean, gure klasikoak ezagutaraziz eta irakurketa sustatuz. Horrela bada, historian hirugarren aldiz euskarazko klasiko bat irakurriko da Arriaga Antzokian jendaurrean, Miranderen Haur Besoetakoa, osorik eta ozenki.
Irakurraldia goizeko 8etan hasi eta arratsaldeko 8etan bukatuko da. Txomin Peillenek irakurriko ditu Haur Besoetakoaren lehen lerroak.
12 orduz 400 pertsona inguru pasatuko dira Miranderen klasikoaren irakurraldi publiko honetatik; horien artean, euskal kulturako eta gizarte, kirol, ekonomia nahiz politika-arloetako hainbat pertsona ospetsu: Iñaki Azkuna, Bilboko Udaleko Alkatea; Ana de Castro, Udaleko Euskara Saileko Zinegotzia; Carlos Oses, Ipar Kutxako zuzendari nagusia; Iñaki Goirizelaia, Euskal Herriko Unibertsitateko errektorea; Andrés Urrutia, Euskaltzaindiako presidentea; Josune Ariztondo, Bizkaiko Foru Aldundiko Diputatua, eta Blanca Urgell, eta Isabel Celaa Eusko Jaurlaritzako Sailburuak.
Beste askoren artean Bilboko Udaleko Udalbatzako kideek irakurriko dute; Euskaltzaindiako Akademikoek; Edorta Jiménez, Juanra Madariaga, Ander Iturriotz, Toti Martinez de Lecea eta Pedro Ugarte idazleek; Patxi Usobiaga, Jose Angel Iribar eta Koikili Lertxundi kirolariek; hedabideetako ordezkariek; sindikalistek, Bilboko ikastetxeetako ikasle eta irakasleek; aktoreek; ostalariek; Gotzaingoaren ordezkariek; ekonomista, abokatu eta ingeniarien eskola profesionaleko ordezkariek.
Aurreko urteetan bezala, mundu osoko Euskal Etxeek ere parte hartuko dute hirugarren irakurraldi publiko honetan. Haien irakurraldiak bideoan grabatu dira aurretiaz eta antzoki barruan nahiz kanpoan horretarako jarri diren pantailetan ikusi ahal izango dira, zuzeneko irakurraldiekin batera.
Era berean, iluntzean (20:00ak aldera) erromeria egongo da Arriaga plazan “Bilbao Musika” Udal Musika Eskolaren eskutik.