Aitor Zuberogoitia Espilla (Etxebarri, 1972) kazetari bizkaitarrak, Informazio Zientzietako doktoreak, irabazi du Miguel de Unamuno Saiakera Saria, euskarazko modalitatean, Surf izeneko lanarekin. Gaztelaniazko modalitateko irabazlea berriz, Teresa Aguilar García (Cuenca, 1964), Filosofian doktorea eta Psikologian lizentziatua, bi liburu eta hogeita hamar artikulu inguru idatzi dituena izan da, Cuerpo textual en la cultura occidental saiakerarekin.
Bilboko alkate Iñaki Azkunak 7.000 euroko bi sariak banatu zituen ekainaren 23an Udaletxeko Areto arabiarrean burutu zen ekitaldian. Miguel de Unamuno Saiakera Saria Bilboko Udalak sortu zuen 1999an, Bilboko filosofoaren eta idazlearen omenez. Sariketaren edizio honetara 47 lan aurkeztu dira gaztelaniaz eta 13 euskaraz.
Epaimahaiaren iritziz, aurkeztutako lanen kalitate maila oso altua izan da, eta askotariko gaiak jorratu dira, azterketa historikotik gogoeta literariora, azterlan soziologikora eta meditazio antropologikora, saiakeraren alorraren esparruen zabalera agerian utzi duten beste gai batzuetatik igaroz.
Oharra: Aitor Zuberogoitiak eta Pedro anaiak idatzi zuten Bertan Bilbo liburua, XX. mendean euskarak eta euskalgintzak Bilbon izan duten historia.