Labayru Ikastegiak euskara teknikari eta trebatzaileen prestakuntza ikastaroa antolatu du. Ikastaroa bi zatitan banatuko da: Administrazioa eta euskara alde batetik, eta bestetik Hizkuntzaren normalizazioa. Lehenengo zatian, administrazioko idazkiak nola egituratu ikasiko dute, administrazioko testuak idazteko eta itzultzeko estilo aholkuak jasoko dituzte, eta ohiko gramatika akatsak zuzentzeko bideak ikasiko dituzte. Bigarren zatian berriz, euskararen erabileraren normalizazioan dauden hiru planak ezagutzeko aukera izango dute: Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia (EBPN), Erabilera Plana eta Enpresetan Hizkuntza Normalizaziorako Plana.
Ikastaroaren amaierarako lan praktikoa egin beharko dute ikasleek talde txikitan banatuta. Gainera, Labayru Ikastegiak egiaztagiria emango die ikastaroa amaitzen dutenei eta bide batez, lan-poltsa osatuko du.
Ikastaro trinkoa izango da, irailaren 13an hasi eta 25ean amaituko da. Ikastaroaren ordutegia, berriz, astelehenetik ostiralera 09:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 18:00etara izango da. Larunbatetan, berriz, 09:00etatik 13:00etara. Parte hartu nahi dutenek, uztailaren 30era izango dute izena emateko aukera. Ikastaroaren prezioa 470 eurokoa da.