Tik Tak Hitzak bideo-jokoa Bilboko hóPlay Nazioarteko Bideo-joko Jaialdiko finalerako hautatu dute. 4 eta 7 urte bitarteko haurrei euskarazko hitzak irakasteko sortutako bideo-jokoa Euskal Bideo-jokorik Onenaren Saria eta Ikuslegoaren Sari Berezia jasotzeko hautagaia da. Sail bakoitzeko irabazleak 6.000 euroko diru-saria eskuratuko du.
Haurrek Punttu izeneko pertsonaiarekin jokatuko dute eta honek hutsuneak betez euskarazko hitzak osatzea izango du helburu. Horretarako, hainbat oztopo gainditu eta Kraska zitalari egin beharko dio aurre, honek hitza osatzeko dagoeneko jarritako hizkiak kenduko baititu. Jokoak euskarazko oinarrizko mailako ehun hitz ditu eta eguneratzeak deskargatu ahala, gehitzen joango dira.
Erandioko Gestionet enpresak sortu du jokoa eta bertako ordezkariak irailaren 25a bitartean Bilboko Alhondigan egingo den jaialdian izango dira. Irailaren 22an, 23an eta 24an bideo-jokoaren nondik norakoak azalduko dituzte eta bertaratzen direnek hau probatzeko aukera izango dute.