Bilboko Udaleko Euskara Saila eta Nontzeberri Interneteko kultura ataria dira ekimen berritzaile honen sortzaileak. Ekimen honen helburua da gazteen artean euskararen erabilera sendotzea Internet eta euskarri digitalen esparruan. Horrela, beren bitakora zibernetikoak euskaraz sortzeko interesa duten 15 eta 35 urte bitarteko gazte bilbotar euskaldunek aukera izango dute euren kezkak, ardurak, iritziak, ekimenak, zaletasunak eta nahiak iragartzeko espazioa horretan.
Lehiaketak lau kategoria ditu: blog pertsonalak, taldeko blogak, blog tematikoak eta blog originalena. Parte-hartzaile bakoitzak kategoria bakarrean parte hartu dezake, baina nahi beste blog aurkeztu ahal izango ditu kategoria horretan.
Gero eta euskaraz egindako blog gehiago aurki daitezke Sarean, horietako gehienak maiztasun handiz eguneratzen direla. Hori kontuan izanda, Euskara Sailak eta Nontzeberri euskararen erabilera komunikazio tresna berritzaile honetan sustatzeko ahalegina egin nahi dute berriro.
Kategoria bakoitzean Interneteko bitakora landuena sarituko da. Horretarako bloga sortu eta elikatzerakoan parte-hartzaileen irudimena eta trebetasuna hartuko dira kontuan. Bloga saritzerakoan honako irizpideak baloratuko dira: euskararen maila, kalitate literarioa, diseinua, gaurkotze maila eta atarien originaltasuna.
Lehiaketan parte hartzeko epea urriaren 1ean hasiko da eta azaroaren 22ra bitartean Bilblogari-n sareratu ahal izango dira blogak. Izen ematea on-line izango da eta lehiakideek www.bilblogari.net webgunean aurkituko duten izen-emate orria bete beharko dute eta bloga deskribatuko duen irudi adierazgarri bat jpg formatuan bidali.
www.bilblogari.net web orrian parte hartzaileen blogak, eurei buruzko informazioa, lehiaketaren ganeko blog berezia eta blogak sortzeko euskarriak bilduko dira.
Sari banaketa abenduan izango da eta blogintzari buruzko mintegi batekin osatuko da eta bertan blogari aditu batek gai honi buruzko datu interesgarriak zabalduko ditu.