Bizkaiko Bertsozale Elkarteak 2010-2011 ikasturtean Gu ere bertsotan izeneko egitasmoa jarriko du martxan Abanto-Zierbenako, Balmasedako, Basauriko, Bilboko, Enkarterrietako, Galdakaoko eta Muskizko ikastetxeetako DBHko lehen mailatan eta Bizkaia osoko Lehen Hezkuntzako ehun ikastetxetan.
Egitasmo honen helburua ahozko komunikazio gaitasuna sormenaren bidez lantzea eta hobetzea da, beti ere ikasleen parte hartzea bultzatuz. Guztira, 4.000 ikasle baino gehiagok hartuko dute parte egitasmoan. Urrian jarriko dute martxan ekimena eta maiatzera arte astero ordu betez bertsolaritzako irakasle bat gerturatuko da geletara. Gainera, bi urtetik behin jokatzen den Bizkaiko Bertsolari Txapelketa aurten jokatuko da eta jarraipen berezia egingo diote geletan.
Nabarmendu beharra dago ez dela Bilboko ikastetxeetan bertsolaritzarekin lotutako egitasmoak martxan jartzen diren lehenengo aldia, izan ere, badira urte batzuk Bilboko Udaleko Euskara Sailak Zortziko txikia-Bertsolaritza eskoletan egitasmoa martxan duela. Egitasmoa Bizkaiko Bertsozale Elkartearen zuzendaritza tekniko eta gidaritzapean eta Bizkaiko Ikastolen Elkartearen eta Bizkaia Irratiaren lankidetzarekin jarri da abian. Zortziko txikian Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleek hartzen dute parte.