Athletic Club Fundazioak, Bilboko Udaleko Euskara Sailarekin batera, Futbola bai, euskara ere bai! izeneko egitasmoa jarri du martxan. Egitasmo horren helburu nagusia gaztetxoen artean euskararen erabilera normalizatzea da. Kasu honetan futbolaren bitartez lortu nahi dute hori. Horretarako hiru entrenamendu antolatu dituzte urrian zehar eta bertan gidari lanak Koikili Lertxundi, Gorka Iraizoz eta Mikel San Jose futbol jokalariek egingo dituzte.
Bilboko Udaleko Euskara zinegotzi Ana de Castrok azaldu duenaren arabera, haurren artean nabari da euskaraz ikastolan soilik hitz egiten dutela eta ondorioz hizkuntzaren alor akademikoa soilik menperatzen dutela. Egitasmo honekin lortu nahi dute haurrek euren denbora librean, adibidez kirola egitean, euskaraz aritzea.