XI. Bilbaopoesia urriaren 14tik 24ra izango da. Aurtengo edizioak Miguel Hernandez poeta eta 27ko belaunaldi osoa omenduko du urriaren 19an. Besteak beste Juan Carlos Mestre 2009ko Poesia Sari Nazionalak eta Kirmen Uribe 2009ko Narratiba Sari Nazionalak hartuko dute parte omenaldian. Umeen Poesia Lehiaketaren VIII. edizioa ere jaialdiaren baitan egingo da.
Ekitaldi gehienak Bidebarrietako liburutegiko ekitaldi aretoan izango direla jakinarazi dute antolatzaileek. Jardunaldien lehenengo egunean, Gabriel Aresti poeta bilbotarraren omenezko eguna ospatuko da urtero bezala. Hori dela eta, lehenengo eguneko ekitaldiak Arestiren poesian zentratuko dira. Jardunaldiek iraungo duten egunetan hitzaldiak, poesia-errezitaldiak, eta musika eta poesia ikuskizunak izango dira.