Bigarren aldiz antolatu dute BandenLehia lehiaketa Azkue Fundazioak, Bizkaiko Foru Aldundiak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Bilboko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak. Lehiaketa honek Interneten eta zuzeneko kontzertu batean osperik handiena duen musika taldea saritzen du. Finala, abenduaren 3an jokatuko da Euskararen Nazioarteko Egunaren harira Bilboko Kafe Antzokian. Lehiaketan parte hartu nahi duten taldeek BandenLehia webgunean eman behar dute izena.
Lehiaketa honetan parte hartzeko nahikoa da musika talde amateurra izatea eta gutxienez bi abesti euskaraz izatea. Lehiaketak bi fase izango ditu. Lehenengoa Internet bidez egingo da, eta bigarrena, zuzeneko ekitaldi batean. Finalerako sailkatzen diren taldeetako partaide guztiek iPod bat jasoko dute sari gisa eta finaleko talde irabazleak, berriz, 2.000 euro jasoko ditu musikako materialean gastatzeko.