Abenduaren 3ko Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko hainbat udalerrik eta mankomunitatek bat egin dute Bizkaiko Foru Aldundiaren, Eudelen, Azkue Fundazioaren eta Alkarbideren ekimenez. Guztira, 146 ekimen antolatu dituzte udalerri eta mankomunitateek abenduaren 3rako eta inguruko egunetarako. Aurten, euskararen erabilera bultzatzea izango da ekitaldien helburu nagusia.
Bilboko Udalak ere ekimen ugari antolatu ditu Euskararen Egunaren harira. Alde batetik, harrera instituzionala egingo dute udaletxeko Arabiar Aretoan eta gonbidatu berezia Bizkaia Irratia izango da. Euskara hutseko irratiak hogei urte bete ditu eta Bilboko Udalak gorazarre egin nahi dio. Bestalde, sentiberatze kanpaina hasiko du Bilboko Udalak, datorren astean, "Zurea da hitza" lelopean euskararen erabilera sustatzeko, batez ere.
Bestalde, Bizkaiko Foru Aldundiak Banden Lehia musika lehiaketa du martxan. Horren bidez, euskarazko taldeek euren kantak Interneten jartzeko aukera dute eta erabiltzaileek botoa eman dezakete. Hiru talde bozkatuenek Bilboko Kafe Antzokian joko dute abenduaren 3an.