Lehiaketaren antolatzaileak, Bilboko Udaleko Euskara Saila eta Nontzeberri Interneteko kultura ataria, pozik agertu dira lehiaketak aurten izan duen parte hartzaile kopuruarekin —iazkoa bikoiztu baitu— bai eta blogek erakusten duten mailagatik ere.
Julen Gabiria idazle eta blogeroak eta Karmele Perez de Urraza EHUko irakasleak euskararen maila, kalitate literarioa, diseinua, gaurkotze maila eta atarien originaltasuna irizpideak kontuan izan dituzte sariak banatzerakoan.
Honela banatu dira sariak:
- Blog pertsonala
Irabazlea: Ane Elordi Alburquerque
Bloga: aneelordi.blogspot.com
"Bereziki euskal kulturan oinarritutako bloga izanik, gaurkotasun eta hurbiltasun handiz aletzen ditu gure herriko literaturak, musikak, antzerkiak, bertsolaritzak eta abarrak ematen duten uzta, panorama kulturalaren esparru guztietara oso modu atseginean helduz".
- Blog tematikoa
Irabazlea: Adrian Hugo Llorente Aginagalde
Bloga: zientziaz.wordpress.com
"Blogintzak, sarri askotan, errazegi jotzen du gai arruntetara. Aldiz, ez da hain ohikoa zientziari buruz modu dibulgatiboan hitz egiten duten blogak aurkitzea, hain gutxi euskaraz. Blog honek horixe du gaia: zientzia irakurlearengana hurbiltzen du, hizkera zuzen eta ulerterrazean, eta pentsamendu zientifikoa hedatu nahian".
- Taldeko bloga
Irabazleak: Maria eta Ixone Landeta Guarrotxena
Bloga: ixonemerimoda.blogspot.com
"Itxura izaten da gure lehenengo bisita-txartela, zeren, gustatu zein ez, modaren eta itxuraren gizartean bizi gara. Kasu batzuetan txarrerako izango da, baina oraingoan onerako izan da, modari buruzko blog interesgarriak ere badaudela konturatu baikara. Arropak, osagarriak, modari buruzko albisteak, proposamenak eta tendentziak aztertzen dituen bloga".
- Blog originala
Irabazlea: Iban Calzado
Bloga: oinetako.wordpress.com
"Blog originalenaren saria jasoko du, baina beste sari asko ere jaso zitzakeen blog honek. Euskara bikainean idatzita egoteaz gain, luze eta zabal jorratzen ditu Hegoamerikatik egindako bidaia baten gorabehera guztiak, kontinente horretako jendearen, bizi-baldintzen, historiaren eta izaeraren erradiografia zehatza eginez, kronika aberats eta oparoa eskainiz irakurleari".