Juan Ramon Madariaga (Bilbo, 1962) Euskal Filologian (Deustuko Unibertsitatea) lizentziatua da eta irakaskuntzan hainbat urtez lan egin ostean, gaur egun Nontzeberri.com kultur atariko erredaktorea da. Liburu ugari argitaratu ditu bilbotarrak eta hainbat sari ere irabazi ditu. Bere zaletasunen artean mendia ezin ahaztu, izan ere hainbat zortzimilako igo ditu (Cho Oyu, Broad Peak, Everest eta Shisha Pangma). Azkena, Shisha Pangma (Txina, 8.027 metro), 2010eko maiatzaren 17an.
Unibertsitatean irakasle lanean aritu izan zarela badakigu, baina gaur egun zertan egiten duzu lan?
Nontzeberri.com atari kulturalean egiten dut lan. Duela zortzi urte inguru hasi nintzen. Nontzeberri kultura bere osotasunean hartzen duen webgunea da. Egunero denetarik sartzen dugu: literatura, bertsogintza, antzerkia… Horren gaineko informazioa emateaz gain, Nontzeberrik zenbait esparrutan euskara sustatzen du lehiaketen bidez, Nontzefilmak eta Bilblogari kasu.
1989an zure lehenengo liburua (Imentzioaren pergamuak) argitaratu zenuen. Guztira zenbat liburu argitaratu dituzu?
Guztira zortzi edo bederatzi argitaratu ditut. Beti poesiaren arloan idatzi izan dut. Gaztea nintzela hasi nintzen idazten eta hasierako lan haiekin hainbat sari irabazi nituen eta sariak beti izaten dira bultzada eder bat idazten jarraitzeko. Gainera, beti izan dut literaturarekin harreman berezi bat bai irakurle bezala, baita sortzaile bezala ere. Narraziora ez dut sekula salto egin, ez naizelako eroso sentitzen. Ipuinak eta egin izan ditut noizbait, kolaborazio gisa. Zenbait hedabideetan idazten ditut nire zutabeak eta artikuluak, baina batez ere poesigintzan aritzen naiz.
Euskaraz idazten duzu ezta?
Bai liburu guztiak euskaraz idatzi ditut. Bakar bat idatzi dut gaztelaniaz: Física. Ariketa moduan edo idatzi nuen gaztelaniaz. Zenbait itzulpen eta egin ditut antologietan eta, baina hori Espainia aldean izan da.
Idazle sena txikitatik al duzu? Edo nondik datorkizu?
Euskaldun berria naiz, eta gazte garaian musikarekin eta, euskarak liluratu ninduen. Arreta berezia jartzen nuen kantetan zein testuetan euskara ikasteko. Ziurrenik hortik etorri zitzaidan behar hori, euskara praktikan jartzeko… Hainbeste maite nuenez, euskaraz idazten hasi nintzen. Gogoratzen dut nahiko gau produktiboak izaten nituela, musika jarrita egoten nintzen. Poema guzti horiek Imentzioaren pergamuak izeneko liburuan bildu nituen eta sariketa batera aurkeztu nuen nire lana. Saria eman zidaten eta garai hartan aurkikuntza berria edo izan nintzela esaten zuten. Idazkera berezia omen nuen.
Hainbat sari jaso duzu zure ibilbidean, azkena 2000. urtean Euskaltzaindiak emandakoa Amodioa batzuetan lanari esker. Zer suposatzen du zuretzat horrelako sariak jasotzeak?
Ni sariketetara aurkeztu izan naizenean ez naiz fama bila joan; diru bila joan izan naiz, izan ere sariketa horietan irabazi izan dudan dirua mendi espedizioetan gastatu izan dut. Agian zenbaitzuk sariketetara aurkezten dira nolabait, izena edo ospea irabazteko, baina hori ez da sekula nire helburua izan. Ni normalean sari “gozoak” izaten direlako aurkeztu izan naiz. Hala ere, diruaz gain, sari horien inguruan sortzen diren iritziak eta irizpideak beti izaten dira onuragarriak eta bultzada handia izaten dira lanean jarraitu ahal izateko.
Sariketetara aurkeztu izan dituzun lanak, lehiaketarako sortu izan dituzu edo lana idatzi ostean saria irabazteko aukerak dituela pentsatuta aurkeztu duzu?
Normalean lasai idazten dut, ahal dudanean, eta idatzitakoa ona dela iruditzen bazait aurkezten dut. Gaur egun sariketena lasai hartzen dut. Argitaletxeekin badut harreman sendoa eta horiek badakite zer egiten dudan eta normalean beste modu batean idazten dut, beste helburu batekin. Agian liburua argitaratu ostean solasaldiak egin…
Sarietan irabazitako diruarekin mendi espedizioak ordaindu izan dituzula komentatu duzu. Sekula pentsatu al duzu mendiarekin lotutako lanen bat edo libururen bat argitaratzea?
Bai noski. 2000. urtean espedizio batetik bueltan hasi nintzen idazten eta egia esan ia 600 orrialde ditut idatzita. Baina poesiarekin jarraitu izan dut eta hori aparkatuta dut. Egia da horri heldu behar diodala berriro, eta beti esaten diot nire buruari berriro heldu eta apur bat antolatu behar dudala liburu bezala argia ikus dezan. Udaberrian Shisha Pangman egon naiz eta Unai Elorriagaren SPrako Tranbia liburua eraman nuen hausnarketa egin eta zerbait idazteko. Mendia eta literatura uztartzen dituen saiotxo bat idazten ari naiz, egia esan ez dakit horrek aurrera begira argia ikusiko al duen, Unairekin ere hitz egin behar dut baina tira.
Mendi espedizioetara beti eramaten al duzu libururen bat?
Eguneroko bat beti eramaten dut eta bertan idazten ditut poemak, sentitzen ditudan gauzak eta denetarik. Datu praktikoez aparte, beti idatzi izan dut sentitu dudana modu literarioago batean. Horretaz aparte, beti eraman izan ditut liburu batzuk horren inguruan hausnartzeko. Hala etxera itzultzean beste lantxoren bat osatzeko baliagarria izan dakidake. Egia esan, han idazten dudana, gero gutxitan agertzen da liburuetan. Agian urbanoagoa naiz idazteko, ez hain mendizalea.
Komunikabideetan idazten dituzun artikuluetan zein gai lantzen dituzu?
Niretzat ariketa oso polita izaten da. Beti poesiari lotuta ibiltzen naizenez, bestelako ariketa bat izaten da. Narratiboagoa eta kontakizunetik askoz gertuagokoa. Orain Deia egunkarian idazten dut igandero eta gai librea izaten dut idazteko. Gaur egungo arazoez idazteko aprobetxatzen dut. Askotan urrun geratzen zaizkigun gaiak aukeratzen ditut, adibidez Amazoniako herri bateko arazoak.
Narrazioa ala poesia. Zer nahiago duzu?
Egia esan poesia idazten erosoago sentitzen naiz. Egin izan ditut enkarguz hainbat ipuin, adibidez, baina nahiago dut poesia.
Lana eta afizioa (mendia), ondo uztartzen al dituzu?
Mendira joaten naizenean denbora asko izaten dut idazteko eta horregatik saiatzen naiz beti idazten. Bueltan horretaz idaztea polita izaten da. Berez, mendizaletasunari dedikatzen diodan denbora literaturari eskaintzen diodana baino askoz gehiago izaten da, izan ere entrenatu ere egin behar izaten dut. Baina hala ere, beti izaten dut poesia buruan. Egia da horretarako bizi naizela apur bat, mendia eta poesiarako.
Mendi espedizioak urtero egiten al dituzue?
Urtean bat egiten saiatzen gara. Niregatik hiru egingo nituzke, baina ezinezkoa da. Hemen ito egiten naiz. Lana, oporrak, familia… uztartu behar dira eta ez da hain sinplea. Hala ere, horrelako mendiek har moduko bat sortzen dute barruan.
Eta aurrera begira esku artean ba al duzu beste espedizioren bat?
Bai, agian Pakistanera joango gara Nanga Parbat (8.184 metro) mendi handira. Baliteke Alex Chicón eta Kataluniako beste lagun batzuekin elkartzea proiektu horretan. Lehenengo dirua bilatu behar da… proiektuak beti izaten dira baldin eta dirua, denbora… badaude, baina buruan behintzat hori dugu.