Bilboko Udalaren Euskara Sailaren Ikusi eta Ikasi programaren edizio berriaren eskutik 30 jarduera baino gehiago izango dira ikusgai etxeko txikientzat, Topagunearekin lankidetzan, eta BBK eta Bizkaiko Foru Aldundia babesle direlarik. Ekimen honen helburua da Bilboko umeen artean euskararen erabilera sustatzea euren aisialdian, bai eta txikienen artean hezkuntza-balioak, partaidetza, gizalegea eta irudimena bultzatzea ere.
Edizio honetan 3 eta 12 urte bitarteko umeentzako kultur jarduera interesgarriak izango dira (antzerkia, ipuin-kontalariak, txotxongiloak, magia, pailazoak, etab.) eta leku hauetan egingo dira: Begoñako eta Deustuko Udaltelgietan, Indautxuko El Carmen aretoan eta Errekaldeberri, Tiboli, Zamakola eta Zurbaran ikastetxe publikoetan, urtarrilaren 17a eta martxoaren 19a bitartean. Edizio honetan Bilborock aretoa izango da programaren egoitza, Zazpi Kaleetan eta Bilbo Zaharrean dagoen eskariari erantzuna emateko.
Umeentzako ez ezik, gurasoentzat ere tailerrak antolatu dira:
- Gure seme-alabekin egiteko errezetak: sukaldaritza tailerrak seme-alabekin batera errezeta dibertigarriak egiteko. Sukaldari profesional batekin errezetak egingo dituzte, modu ludikoan eta hezitzailean. Tailerra euskaraz izango da.
- Zelan lagundu eskolako lanekin… ez badakigu euskaraz? euskaraz ez dakiten gurasoei laguntza eta orientazioa emateko tailer arrakastatsuak berriro egingo dira, seme-alaba txikiekin eskolako lanekin lagundu ahal izateko. Iñaki Eizmendi hezitzaileak erantzuna emango die eguneroko egoerei, kasu praktikoak aztertuta. Tailer hau gazteleraz izango da.
Umeen jarduerak egiten diren ordu eta leku berberetan egingo dira tailer horiek, gurasoek errazago parte har dezaten.
Bestalde, aurten ere Jolasen Txokoa izeneko ekimenean, haur eta gurasoei zuzenduriko erakusketa dinamikoan, euskarazko mahai jolas, jostailu, ipuin, DVD eta jolas elektronikoak erakusgai egongo dira.