Koikili Lertxundi (Otxandio, 1980) futbol jokalariak kirola eta euskara uztartzeko hainbat sentsibilizazio egitasmo gauzatu ditu Itzarri Consulting enpresaren bitartez. Bilboko ikastetxeetako umeek izan dute horietan parte hartzeko aukera.
Duela aste batzuk Futbola bai, euskara ere bai! egitasmoa gauzatu zenuten Athletic Club Fundazioarekin eta Bilboko Udaleko Euskara Sailarekin batera. Zer nolako harrera izan zuen?
Harrera ona izan zuen, oso ona. Umeak pozik egon ziren eta gurasoak ere bai. Saio bakoitzean, gutxi gorabehera, 40-50 umek hartu zuten parte. Edozein umek har zezakeen parte, hau da, ez zuten talde batean edo aurretik futbolean arituak izan beharrik. Horrela, askok futbolarekin eduki duten lehenbiziko kontaktua euskaraz izan da. Garrantzitsua da gustatzen zaien aktibitate batean euskaraz aritzea normaltasun osoz.
Zertan datza egitasmo hori?
Hiru saiotan banatua egon zen: batean ni egon nintzen Itzarriko bi entrenatzailerekin, beste batean Gorka Iraizoz egon zen nire lekuan eta azkenekoan ni egon nintzen berriro umeekin.
Ordubete edo ordu eta erdiko saioak izan ziren eta adin horietarako metodologikoki egokia den entrenamendua egin genuen. Egun bakoitzean adin ezberdinetako haurrek hartu zuten parte: lehenengoan 6-8 urte artekoek, bigarrengoan 8-10 bitartekoek eta hirugarrengoan 10-12 artekoek. Hiru adin tarte horiei egokitutako saioak izan ziren eta saio bakoitzean hiruzpalau ariketa egin zituzten. Talde bakoitzak entrenatzaile ezberdina zuen.
Futbola praktikatuz euskaraz gozatzeko jolasak eta beroketak, teknika, psikomotrizitatea, eta estrategia eta taktika apur bat landu genituen. Batez ere, jolasetan eta teknikan oinarritu ginen.
Ez da Bilbon eskainitako tailer bakarra. Teknologia, kirola eta euskara uztartzen dituena ere eskaintzen duzue. Zer lantzen da tailer horietan?
Tailerraren izena Euskara-Tek da eta izenak dioen bezala euskara eta teknologia berriak lantzen dira. Ariketa nahiko sinplea da baina gauza asko lantzen dituzte haurrek: ulermena, idazmena, teknologia berriak (Power Point programa eta informazioa jasotzen duten euskarazko bilatzaileak) eta irakurmena. Bi edo hiru saio izaten dira. Gainera, berrikuntza bat sartu dugu tailer horietan: lehenbiziko saioa presentziazkoa izan beharrean bideokonferentzia bidezkoa da. Ikasleak Azkue Fundazioaren egoitzara joan eta txango antzeko bat egiten dute: eraikinaren antolamendua eta euskararekin lotutako hainbat baliabide, besteak beste, Euskararen Interpretazio Zentroa, erakusten zaizkie. Ibilbidearen azken partean bideokonferentzia egiten da, kasu honetan Athleticeko jokalari batekin. Horretan aritzen gara Gorka Iraizoz, Ibai Gomez, Aitziber Juaristi, Iraia Iturregi eta ni neu.
Lehenengo saio horretan ulermena lantzen da. Umeek galderak egiten dizkiote pertsonaia ezagunari, lana etxera eramaten dute eta bigarren egunean informazio hori Power Point batean nola sartu erakusten zaie. Hirugarren saioan, azkenik, taldeka egindako lana irakurtzen dute pertsonaiaren aurrean. Saio hori presentziazkoa da eta jokalaria eskolara joaten da. Irakurmena lantzea da azken horren helburua.
Nahiko ariketa sinplea da baina lana egin behar dute umeek eta beraien motibazioa pizten da. Egia esan, oso gustura daude.
Athletic-eko jokalariak bertan egotea parte-hartzaileen motibazioa bultzatzeko modu bat da, ezta?
Bai, hala da. Gure irudiak indar handia dauka gazteengan eta zentzu horretan, euskaraz aritzeko motibazioa izugarri pizten da. Irakasle askok hori esaten digute, eurek urteetan lortu ohi dutena guk egun batean lortzen dugula: gurekiko harremana euskaraz izatea modu naturalean. Eurak saiatzen dira egunero, eskola barruan behintzat, euskaraz egin dezaten eta asko kostatzen zaie umeak eurengana euskaraz zuzentzea. Gu joaten garenean, tailerretik atera eta euskaraz galdetzen dizkigute gauzak. Eta hori da bilatzen dena, ahalik eta normaltasun handienarekin eskoletako gazteek euskaraz egin dezatela.
Oro har, euskarak badu lekua kirol munduan, baina ba al dago baliabiderik (hiztegiak, liburuak…) kirolean euskaraz aritzeko?
Zoritxarrez ez dago gauza handirik. Badaude hiztegiak eta horrelakoak, baina, oro har, ez dago kirol ezberdinetan hain garrantzitsua den figura, entrenatzailearena, laguntzeko baliabiderik. Entrenatzaileak dira transmisore nagusiak, bai metodologia aldetik baita hizkuntza aldetik ere. Metodologia arloan badute heziketa jasotzeko modurik (entrenatzaile eskolak daude hainbat kiroletan) baina hizkuntza aldetik, zoritxarrez, ez.
Hor badago gabezia bat, argitalpenen aldetik. Guk, adibidez, orain beste urrats bat eman dugu eta futbol entrenatzaileentzako eskola bat muntatu dugu Txorierrin. Bertako klubetan aritzen diren hainbat entrenatzailek hartu dute parte eta heziketa euskaraz jaso dute, bai prestakuntza teorikoa (euskaraz emateko liburu bat argitaratu genuen) bai prestakuntza praktikoa. Gainera, entrenamenduak planifikatzeko beste gida bat eman diegu heziketa praktikoa amaitzean. Guk, hainbat bidelagunekin, eman dugu urrats bat Itzarri aholkularitzatik baina hortik joan behar dugu kirola euskaldundu nahi badugu, entrenatzaileengan eragin behar dugu. Eta eurei baliabideak eman beraien taldeak euskaldundu ditzaten.
Askotan badirudi horrelako egitasmoak haurrei eta gaztetxoei zuzentzen zaizkiela baina helduentzako ez dagoela hainbesteko eskaintzarik…
Bai, eta aipatutako egitasmo horiek sentsibilizaziorako balio dute baina askotan horretan gelditzen dira. Adibidez, hitzaldiak, tailerrak eta horrelakoak sentsibilizaziorako balio dute baina eguneroko lanerako bestelako proiektuak behar dira. Nik uste dut, Itzarri zentzu horretan, futbolean behintzat, asmatzen ari dela edo asmatzear dagoela, izan ere, entrenatzaileek entrenamenduak ondo eta euskaraz eman ditzaten lanean ari da.
Saskibaloian ere bide beretik doan proiektu bat garatzen ari gara, Bizkaiko Saskibaloi Federazioarekin. Ez dago bestea bezain garatua baina horren asmoa ere saskibaloi entrenatzaileek, Bizkaikoek behintzat, euskarazko prestakuntza jasotzea da.
Joxe Anjel Iribar: "Euskarak gero eta presentzia handiagoa, nabarmenagoa eta aberatsagoa du klubean"
Urteak dira Joxe Anjel Iribarrek (Zarautz, 1943) futbola utzi zuela. Hala ere, kirol horri lotuta bizi da oraindik eta Athletic Club Fundazioko kide da egun. Fundazioak babestutako Futbola bai, euskara ere bai! egitasmoa izan du hizpide, besteak beste.
Futbola bai, euskara ere bai! egitasmoa gauzatu zenuten duela gutxi hirian. Zein ziren egitasmoaren helburuak?
Euskararen erabilera bultzatzea, batez ere umeen artean, kirol ekitaldi guztietan euskara erabiltzea posible dela erakusteko. Hau da, ikasten dutena ikasgeletatik at erabiltzea gauza normala dela erakutsi nahi genien.
Zein izan zen Athletic-en egitekoa kanpaina horretan?
Athletic-ek oraingoan, batez ere, bere jokalarien presentzia ipini du mahai-gainean, nire esperientziarekin batera. Guztion artean esperientzia baliagarria burutu ahal izan dugulakoan nago.
Athletic Clubeko hainbat jokalarik hartu zuten parte egitasmoan. Zein eragin izan zuen horrek parte-hartzaileengan?
Koikili Lertxundi, Gorka Iraizoz, Ibai Gomez eta Tzibi Juaristi jokalariek hartu zuten parte eta umeen harrera izugarria izan zen. Jokalarien eragina handia da oso gizartean, eta kasu honetan ez zen salbuespenik izan.
Athletic Club Fundaziotik aurrez bultzatu ahal duzue mota horretako beste proiekturik? Euskararekin lotutakorik?
Athletic Club Fundazioaren aldetik euskararen aldeko ekimen asko burutu dira eta Fundazioa Bai Euskarari akordioaren baitan dago egun.
Zein leku du, oro har, euskarak klubean?
Nire ustez euskarak gero eta presentzia handiagoa, nabarmenagoa eta aberatsagoa du klubean eta apurka-apurka pausoak ematen ari gara. Bilbo bezalako hiri bateko kluba izanda zaila da oso, baina gure aldizkarian, buletinean, instalazioen errotulazioan, publikoarekiko harremanetan, gure behe mailako taldeetan eta webgunean euskarak gaztelaniarekin parekotasuna du eta horrek duela urte batzuk ia ezinezkoa zirudien.
Gizarte, kultur eta kirol arloko beste kanpaina batzuk ere garatzen ditu Athletic Club Fundazioak. Zeintzuk?
Asko dira eta alor ezberdinetakoak. Guztiak Fundazioaren webgunean daude ikusgai.