Blas de Otero bilbotar olerkariaren omenezko hirugarren poesia lehiaketa antolatu dute. Sari banaketa ekitaldian Iñaki Azkuna Bilboko alkatea eta Sabina de la Cruz Blas de Oteroren alarguna izan dira. Euskarazko saria Karlos Santistebanentzat izan da Oroimenaren lorratzak lanarengatik. Aurten euskarazko bost lan aurkeztu dira lehiaketara eta epaimahaia Castillo Suarez eta Jon Kortazar idazleek osatu dute.
Gazteleraz, berriz, 71 lan aurkeztu dira eta irabazlea Elena Roman izan da Esta dichosa ansiedad doméstica lanarekin.
Sariketa 2008tik antolatzen dute Bilboko Udalak eta Blas de Otero Fundazioak. Sariaren helburuak herritarrak literaturara eta poesiara erakartzea, eta Blas de Oteroren berri ematea dira. Irabazle bakoitzak 6.000 euroko saria jaso du.