Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak XXI. Mendeko Euskaldunon Elkarteak izeneko batzar nagusia egingo du otsailaren 26an Bilboko Alhondigan. Orain arte egindako lanaren garrantziaz jabetuta, etorkizunera begira jartzeko unea heldu dela uste du elkarteak. Horregatik, euskara elkarteen mugimenduaren erronkak birpentsatu eta etorkizuneko urratsak finkatuko dira.
Jarraitu beharreko estrategiak eta antolakuntza zehazteko bi urteko prozesu parte-hartzailean dago murgilduta Topagunea iaztik. Lehen urte horretan egindako hausnarketak aurkeztuko ditu, hain zuzen ere, Bilboko biltzarrean. Horrekin fase bati amaiera eman eta beste bati ekingo dio. Bigarren aldi horretan elkarteen barruko dinamikak eta lan-ildoak izango ditu hizpide.
Egun, 20.000 bazkide kuotadun baino gehiago, 450 langile eta 1.400 boluntario ditu euskara elkarteen mugimenduak.