Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak Dantza Plazetan ekimenaren edizio berria jarri dute abian. Ekimenaren hamaikagarren edizioaren baitan 44 emanaldi eskainiko dira. Ekimenaren helburua euskal folklore herrikoia sustatzea da.
Dantza emanaldiak Deustuko, Begoñako, Ibaiondoko eta Basurtu-Zorrotzako barrutietako plazetan izango dira. Ekimenean Beti Jai Alai, Salbatzaile Dantza Taldea, Deustuko Folklore Taldea, Bihotz Alai Dantza Taldea, Gaztedi Dantzari Taldea, Bizkaiko Dantzarien Biltzarra eta Ibai-Arte taldeek hartuko dute parte.
Bestalde, Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak Dantzak Eskoletara izeneko egitasmo berria jarri du martxan. Egitasmo honen helburua euskal dantza tradizionalak sustatzea da. Egitasmoaren baitan dantza tradizionaleko ikastaroak ematen dira Bilboko zenbait herri ikastetxetan, Bizkaiko Dantzarien Biltzarraren elkarlanarekin. Ikasturte honetan 5 eta 12 urte bitarteko 300 ikasle inguruk hartu dute parte ekimenean. Ikasle horiek, hainbat emanaldi eskainiko dituzte datozen hilabeteotan.
Azkenik, Santutxuko Gaztedi dantzari taldeak 60. urtemuga ospatuko du aurten. Ohikoak dituen erromeriez gain, eskola bereziak eskainiko ditu zenbait adituren eskutik. Horrez gain, 300 dantzari bilduko dituen ikuskizuna prestatzen ari da Bilboko Udalarekin elkarlanean.