Gazteen artean euskararen erabilera bultzatzeko eta kultur eskaintza berritzeko, Bilboko Udalaren Euskara Sailak abian jarri du dagoeneko sustraituta dagoen Harrapazank programa. 12-18 urteko neska-mutilei zuzendutako jarduera berrien, erakargarrien eta gustagarrien bidez euskara Bilboko gazteen eguneroko hizkuntza, ohikoa eta irakaskuntzatik kanpokoa, bihurtu nahi da.
“Harrapazank” Euskara Sailaren ekimena da, Topagunea, Euskara Elkarteen Federazioaren laguntzarekin eta babesle den BBKrekin elkarlanean antolatua.
Flashmoba
Edizio honetan bilbotar guztiek eta bilbotarrak ez direnek parte hartzeko moduko jarduera antolatu da, martxoaren 26an.
Ercilla kalean egingo da euskara eta Harrapazank protagonista izango dituen Flashmoba (jende partida batzea leku publiko batean, ohiz kanpoko zerbait egitea eta agudo sakabanatzea).
Enkore taldeak programa honetarako beren-beregi egindako “Zer garen” izeneko abestia erabiliko da 18:00etatik aurrera eta parte-hartzaileek koreografia egin (Youtuben dago eskegita) eta une horretan kalean dabilen jendea parte hartzera animatu dezakete.
Harrapazank programaren kantan Zea Mays taldeko Aiora Renteriak ere hartu du parte eta Bilborock aretoan aurtengo otsailaren 27an grabatu zen lipdub-aren soinu-banda izan zen. 40tik gora gaztek jardun zuten orduko hartan.
Lip dub (Ingelesez “ezpain bikoizketa”) musikazko ikus-entzunezko bat da, ezpainak, keinuak eta mugimenduak sinkronizatzen dituzten pertsonen talde batek egina, abesti bat hartuta audio moduan. Lip dubak toma bakar batean hartzen dira eta parte-hartzaileek playback egiten dute musikak jotzen duen bitartean.
Distirazank eta Dantzazank
Partaidetza aldetik lortu duten arrakasta ikusita, aurten ere Distirazank eta Dantzazank lehiaketak egingo dira Harrapazank programaren barruan. Lehiaketa horietan arterako, musikarako eta dantzarako dituzten gaitasunak erakutsi ahal izango dituzte gazteek.
Topaguneko dinamizatzaileak Bilboko ikastetxe eta institutu batzuetan izan dira, ekimen hauei buruzko informazioa emateko gazteei. Kanpainaren ostean, 140tik gora gaztek izena eman dute lehiaketetan parte hartzeko.
Distirazank
Distirazank talentuen lehiaketa da. Nesken eta mutilen originaltasuna eta sormena bultzatzea eta sustatzea du helburu. Era guztietako jarduerak aurkeztu ditzakete taldeka: antzerkia, magia, zirkua, musika-emanaldiak, bertsoak, playbackak eta abar.
Bigarren edizio honetan 12 taldek eman dute izena. Horietarik 8 finalera iritsiko dira. Finala apirilaren 2an izango da Bilborock aretoan, 19:30ean.
Finala Nerea Aliasek aurkeztutako doako galan jokatuko da.
Finalera begira, parte-hartzaile guztiek aktore eta kantari profesionalen laguntza izango dute, astero San Ignazioko Kiroldegian eta La Bolsa Auzo Etxean egingo dituzten entseguen bidez.
Arte eszenikoen mundua hobeto ezagutzeko, Aiora Sedanok, Itxaso Paiak eta Seiren taldeko kantaria den Jokin Lacallek emango duten master classean hartu ahal izango dute parte.
Dantzazank
Aurreneko bi edizioetan 80 parte-hartzailerekin lortutako arrakasta ikusirik, aurten ere Dantzazank lehiaketa egingo da. Gazteek koreografiak prestatu ahal izango dituzte taldeka, lantaldeak jarduera ludikoa apailatuta.
25 taldek eman dute izena. Horietarik 8 finalera iritsiko dira. Azken gala Bilborock aretoan egingo da apirilaren 9an, 19:30ean. Aurkezlea, Nerea Alias. Sarrera dohainik. Ikusleek finalistak ikusiko dituzte eta izen handiko beste artista batzuk ere bai.
Parte-hartzaileei koreografiak prestatzen laguntzeko eskolak ematen dizkiete astero dantzari profesionalek.
Ugaitz Alegriak, Itziar del Valek eta Ylenia Bagliettok master classa emango dute, parte-hartzaileek dantzaren mundua hobeto ezagutu dezaten. Martxoaren 18an, ostirala; Sarrera dohainik.
Kontzertua Bilborocken
Ze Esatek eta Enkore (programaren kanta egin duena) taldeek Harrapazank programari amaiera emango diote kontzertu bat eskainiz. Bilborock aretoan, apirilaren 8an (barikua), 20:00etan,. Sarrerak 6 eurokoak dira. Bilborocken eta BBKren Teleka kutxazainetan jarriko dira salgai (telefonoz eta Interneten ere bai).
Tailerra martxoaren 19an (larunbata) izango da, 18:30ean, Bilborock aretoan.