Bilboko Udaleko Euskara Sailak eta Bizkaiko Foru Aldundiak lehen aldiz antolatu dute ekitaldi hau. Umeek eta gazteek ondo baino hobeto pasatu ahalko dute koreografiekin eta kantekin; eta telesaileko antzezleekin batera aritu.
Ekimena musika eta dantzaren bidez umeen eta gazteen artean euskararen erabilera sustatzeko da; eta bai euskaraz umeen eta gazteen gustukoak diren aisialdiko jarduerak eskaintzea ere. Hori elkarri eragiteko eta ondo pasatzeko aukera izan dezaten giro euskaldunean.
Ikuskizuna apirilaren 3ko 12:00etan izango da Areatzako kioskoaren atzeko aldean. Sarrera doakoa izango da.
Go!azen telesaileko Yago Mateo, Itxaso Paia, Jon Urbieta eta Jokin Ayerregaray antzezleek lau koreografia berri eta dibertigarri nola dantzatu behar diren irakatsiko diete ikuskizunera doazen ume eta gazteei. Gainera, telesaileko euskarazko kanta batzuekin ere gozatu ahalko dute.
Nerea Alias izango da zeremonia-maistra Goazen Dantzatzera! Ikuskizunean. Go!azen telesailaren oinarri izandako film musikaleko koreografiagilea izan den Josu Mujikak ere lagundu du ikuskizunean.
2008an Go!azen film musikala estreinatu zutenetik eta horretan oinarritutako telesail arrakastatsua gaineratuta, Go!azen benetan fenomeno izugarria izan da. 4 eta 12 urte bitarteko umeen eta gaztetxoen artean lortu duen kuota % 42,1ekoa izan da. Euskal Telebistan lehenago inoiz izan ez den bezalako ikuskizun arrakasta izan da. Arrakasta hain handia izanik, protagonistetan oinarritutako liburu-sorta bat ere argitaratu dute.