2011ko apirilaren 7an hasita, hamaika egunez eta gelditu gabe, Euskal Herria zeharkatuko du hamazazpigarrenez Korrikak. Bi mila kilometro baino gehiago euskararen alde, adin eta mota guztietako milaka korrikalarirekin, gau eta egun gelditu gabe.
Korrika hasi eta amaitu arte, lekukoa pasatzen da eskuz esku eta kilometroz kilometro korrikalarien artean; lekuko horren barruan Korrika helmugara iristean, euskaldun ezagun batek irakurriko duen mezua doa, ordura arte sekretupean gordetzen dena.
Korrika Trebiñun hasiko da 17:30ean apirilaren 7an eta Donostian amaitu, hamaika egun ondoren, apirilaren 17an. Tartean Bilbotik ere pasatuko da eta antolatzaileek aurreikusten dute apirilaren 15eko 17:15ak inguruan sartuko dela Bilboko kaleetara. Hain zuzen ere, Barakaldotik helduko da Bilbora Basurto-Kastrexana errepidetik eta Bilbo osoan zenbait bira eman ondoren, Bilbao-Galdakao errepidea hartuko du.
Baina ibilbidea zehatz-mehatz ezagutzeko eta nola parte hartu dezakezun jakiteko sartu zaitez Korrikaren orrian.
Bestalde, aurtengo ekitaldian Korrikak eta AEK-k Euskaltzaindia omendu nahi dute euskararen alde egindako lan eskergagatik.