Ana de Castro Rubalkaba Bilboko Udaleko Euskara zinegotzia da. Euskarak administrazioan bizi duen egoera, azken urteotan izandako garapena eta hiritarrei begira abiatutako hainbat egitasmo izan ditu hizpide. Aurrera ere begiratzen du, ordea, eta hiriaren euskalduntzea du ordurako helburu.
ELEBI egitasmoa jarri du martxan duela gutxi Euskara Sailak. Zertan datza egitasmoak?
ELEBI logotipo bat baino askoz gehiago da. Udal administrazioa euskalduntzeko bidean Erabilera Plana dugu tresna nagusia, orain 12 urte onartu zen eta laugarren fasean gaude. Plazaratu dugun logoak Erabilera Planaren ikurra izan nahi du eta, hasteko, funtzionario eta herritar euskaldunen arteko komunikazioa erraztu: ELEBI guneak funtzionario euskaldun baten aurrean zaudela adierazten du. Eta horrek gure hizkuntzaren erabilera handitu egingo du, zalantza barik.
Egun, Udaleko zenbat langile dira euskaraz egiteko gai, hau da, zenbatek eskain dezakete zerbitzua euskaraz?
Mila inguru dira funtzionario euskaldunak, %40 edo. Horrez gain, beste 200 langile bidean dira, lanpostuari dagokiona baino hizkuntza eskakizun bat gutxiago dute. Esan daiteke Bilboko Udaleko enplegatuen erdia gai dela euskaraz egiteko.
Ezagutza maila erabilera mailaren parekoa al da?
Gure moduko inguru nahikoa erdaldunean erabilera maila ezin da inoiz ezagutzaren parekoa izan. Dena dela, gure jardunaren helburua eta neurriak erabilera gehitzearen bidetik doaz, ezagutzan ere noski aurrerapausoak ematen jarraituz, ezagutzarik gabe ez baitago erabiltzerik.
ELEBIk administrazio arloa lantzen du. Zein beste alor landu dira azken urteotan Euskara Sailean (merkataritza, gaztetxoak…)?
Udalerrien errealitatea berez oso anizkoitza izaten da, Bilboren kasuan, atera kontuak. Gure programen hartzaileak gazteak eta umeak dira, beraien artean dagoelako egungo euskaldunen kopururik handiena; baina bestetik, argi ikusten dugu Bilbok inguru zabalean duen ekarria, merkataritza arloan, batez ere. Sektore horretan euskararen erabilera sustatzeko berenberegi pentsatutako plana da Biribilko, bost urteko ibilbidea duena.
Zeintzuk izan dira horietako bakoitzari zuzendutako egitasmorik edo planik garrantzitsuenak?
Umeen kasuan Ikusi eta Ikasi, eta gaztetxoei dagokienez, Harrapazank; hartzaileek oso iritzi ona dute kasu bietan. Rafael Mikoleta ipuin lehiaketa ere antolatzen dugu, aurten XXIII. edizioa. Baina badira hain ezagunak ez diren beste programa ugari, eskola arloari zuzenduak batez ere, edo teknologia berrien inguruko hainbat, Bilblogari, Athleticen jokalariek gidatzen dutena, aurreko baten Koikili Lertxundik web honetan kontatzen zuen bezala, kasu.
Emaitzak ezagututa, non eragin behar da gehien euskararen egoera hobetu dadin, hau da, zein da hartzailerik eraginkorrena?
Hartzailerik eraginkorrena? Hori ez da adin kontua. Argi dago txikienen euskalduntzeak bizitza linguistiko luzeagoa dakarrela, baina motibazio aldetik helduen jarrerak erabaki du eskola munduaren euskalduntzea, adibidez. Beraz, guztiengan eragin beharra dago, moduak, helburuak, erabilerak izango dira desberdinak.
2010ean 2005ean baino 30.000 euskaldun gehiago zeuden Bilbon. Zein da egun euskararen egoera hirian?
Eustatek 2011an batuko dituen datu berrien zain, pentsatu behar dugu Bilboko euskaldunak 100.000 inguru garela; horri gehitu behar zaio euskara bidean diren beste 80.000 horiek. Denak batera hartuta, biztanleriaren erditik gora gara euskaldunak. Hobetu nahiko genituzke datuok baina orain dela urte batzuk genuen errealitatearekin alderatuz, ez dago batere txarto, hobera egin du.
Kopurua hainbeste hazi izanak zein eragin izan dezake, zure ustez, oraindik euskara ezagutzen ez duten bilbotarrengan?
Pentsatu behar dugu oraindik euskara ezagutzen ez duten bilbotar gehienak 35 urtetik gorakoak direla. Baina adin horretakoak ere hurbiltzen dira euskaltegira, batzuk guraso berriak direlako, bestetzuk lanpostu baten bila… Erdaldunen gaurko motibazioak pragmatikoagoak dira.
Elkarrizketaren batean adierazitakoaren arabera, iaz euskararen ezagutza eta erabilera parekatzea zen Euskara Sailaren helburuetako bat. Zer lortu da ordutik?
Gauza bat da erabilera ezagutzaren mailara hurbiltzeko ahalegina eta beste bat parekatzea. Guztion zeregina da, jende asko ari da euskara normaltzeko enpresan bere ekarpenak egiten. Udalari dagokionez, oraintsu jendaurreko gune batzuetan egindako ahozko komunikazioaren neurketan %6,5a eman du euskarak; 2006ko kale neurketak %4,5 inguru eman zuen. Zenbakiak ez dira handiak, baina bai baikorrak izateko modukoak.
Erronkak berbera izaten jarraitzen al du?
Erronka Bilbo euskalduntzea da. Bideen eraginkortasuna da kontua, hizkuntza ohiturak aldatzea ez baita egun bateko operazioa. Bestalde, badakigu motibazioa ezinbestekoa dela. Hortik doaz gure sentiberatze kanpainak ume jaio berrien gurasoei, eskolara lehen aldiz joango direnei, DBH bukatzen duten D ereduko ikasleei… Baina azken hitza herritarrena da, hiztuna da azken erabakia duena, beraz guri dagokigu herritarren euskararekiko atxikimendua sendotzeko ahaleginak bideratzea, jendea sentiberatzea eta aukerak eskaintzea.
Ahaleginak ahalegin, Kontseiluak duela gutxi argitaratu duen udalaren hizkuntza politikaren azterketak dio Bilboko hizkuntza politika “eskasa” dela eta 3,9ko puntuazioa ematen dio (udalek euskara lehenesteko ahalegina egiten dutela adierazteko 7 puntu eskuratu behar dira).
Kontuan hartu azterketa horrek, adibidez, garrantzi handia ematen diola ordenantzari, eta guk ez dugu horrelakorik Euskararen Legea eta Funtzio Publikoarena tresna baliotsuak iruditzen zaizkigulako. Puntuazio kontuak alde askotatik planteatu daitezke; Udalak bilbotarren artean urtero egiten duen satisfazio inkestak, adibidez, euskararen arloari 6tik gora ematen dio. Kristalaren kolore diferenteen eragina begiradetan.
Zer egin daiteke aurrerantzean hori hobetzeko?
Gure lehen betekizuna administrazio elebiduna lortzea da, baita udalerrian euskararen erabilera suspertzea ere baina, udal administrazioan ez bezala, erliebezko udalerri handi honetan erreka askotako urak batzen dira, alde askotariko eraginak, baita hizkuntza kontuetan ere.