Bilboko Udaleko Euskara Sailak parte hartuko du Mendebalde Kultura Alkarteak (www.mendebalde.com) antolatutako jardunaldiotan. Jardunaldion izenburua “Berbak hariz josten” da, eta euskararen sendotasunari eta gaitasunari buruzko gogoetak egingo dituzte hizkuntzalariek, idazleek eta adituek; oraingo euskarak, itzulpengintza eta interpretazioa ardatz hartuta gaztelaniarekin eta beste hizkuntza batzuekin dituen hartu-emanak, hizkuntzaren adierazkortasuna eta abar jorratuko dituzte.
Mendebalde Kultura Alkarteak 15 urte daramatza jardunaldiak antolatzen, bakoitzean gai bat hartuta. Orain arte, honakoak aztertu dituzte, besteak beste: euskalkien lekua literaturan, administrazioan eta hezkuntzan; euskararen transmisioa eta erabilera; bizkaieraren ekarpena etab.
XV. jardunaldi honetako lehenengo egunean Xabier Amuriza bertsolari, idazle eta ikertzaileak hiztegi batu idealaren prozeduren eta oinarrien gainean hitz egingo du. Ondoren Jacinto Iturbe EHUko Euskarazko lehenengo erretoreordeak hiztegien bilakaeraz eta gaur egun duten egoeraz jardungo du.
Karlos Cid Abasolo Madrileko Unibertsitate Konplutenseko euskarazko irakurleak etengabe elkarren eraginpean dauden euskara eta gaztelaniaren arteko gorabehera ontologikoak aurkeztuko dizkigu.
Patziku Perurena idazle eta ikertzaileak emango du jardunaldietako lehenengo eguneko azken hitzaldia, gaur eguneko adierazpide moduan euskarak dituen alde sendoak eta gabeziak azalduta.
Zapatuan, Pello Esnal idazleak euskara batuaren joskera izango du gai. Ostean, Igone Zabala filologoa euskararen garapenaz arituko da, ikuspuntu ekologiko eta sozialetik.
Inazio Arregi, kazetaritzan duen esperientziaz eta hizkuntzaren geroaz mintzatuko zaigu. Juanjo Pagola interpreteak interprete-lanen bat-batekotasunari, ahozkotasunari eta ulergarritasunari buruzko hausnarketak eskainiko dizkigu, euskara eta gaztelania hain hizkuntza ezberdinak izanik, interpretea zelan moldatzen den azalduta.
Joseba Butron irakasle eta hizkuntzalaria izango da azken berbaldia eskainiko duena. Euskarak XXI. mendera egokitzen jarraitzeko dituen desafioak izango ditu mintzagai.
Jardunaldiak maiatzaren 6an eta 7an izango dira Euskaltzaindiaren egoitzan. Interesa dutenek maiatzaren 5era arte eman ahal izango dute izena.