Mendebalde Kultura Alkartea 1996an sortu zen, mendebaldeko hizkera aztertu, egokitu eta prestigiatuaz, euskara bera indartzeko helburuarekin. San Ignazioko Euskararen Etxean du egoitza. Alkarteak jardunaldiak antolatzen ditu, bai eta liburuak, ikerlanak eta irakaskuntzarako materialak argitaratu eta irakasleentzako prestakuntza-ikastaroak antolatu ere.
Urte honetan Mendebalde Kultura Alkateak, Bilboko Udaleko Euskara Saialren laguntzarekin, irakurle guztien esku jarriko du Zamarriparen Manual del vascófilo (1913). Paulo Zamarripa (1877-1950) idazlea eta Asuako abadea izan zen. Euskalzale, Euskal Erria, Euskalerriaren alde, La Gaceta del Norte eta abarretan idatzi zuen. Lan arrakastatsua izan zen eta sano erabilia, Txorierriko eta Bilbo Handiko XX. mendeko euskara egokia eta aberatsa erabiltzeko irizpideak biltzen dituena. Ortografia, onomatopeiak eta garai hartako atsotitzak eta esamoldeak landu zituen Zamarripak, formatu oso ulergarrian. Gramatika arloko erreferentea izan da euskalarientzat.
Mikel Zarate abade eta irakaslearen Influencias del vascuence en la lengua castellana a través de un estudio del elemento vasco en el habla coloquial del Chorierri-Gran Bilbao (1976) lana ere argitaratuko da berriro. Euskararen eta gaztelaniaren elkarrenganako eragina agertzen da lan horretan, baita euskal lexikoak inguruko gaztelanian duena ere.
Bilbon eta inguruan aurreko mendean zelako euskara erabili zen belaunaldi berriei jakitera emateko argitaratuko dira berriro. Laster eskuragarri izango dira lan biak.