Zazpi Kaleetako Merkatarien Elkartea 20.000 poltsa berrerabilgarri banatzen hasi da aste honetan. Banaketa elkartutako dendetan eta tabernetan egiten ari da. Alde Zaharrean euskara bultzatzeko hitzarmenaren barruan dago ekintza. Akordioa Bilboko Udaleko Euskara Sailak eta Zazpi Kaleetako Merkatarien Elkarteak sinatu dute elkarren segidako zazpigarren urtez, bai lagunen arteko harremanetan bai merkataritza-harremanetan gure hizkuntzaren erabilpena areagotzeko.
2004. urtean Bilboko Udaleko Euskara Sailak eta Zazpi Kaleetako Merkatarien Elkarteak lehenengo hitzarmena sinatu zuten. Bertan “Merkatari Elkarteak eta Bilboko Udalak elkarlanean euskararen presentzia” areagotzeko konpromisoa hartu zuten. Hitzarmena urtez urte berritu egin da Zazpi Kaleetako merkatal gunea lehentasunezko eremua baita Udalak udalerrian garatu beharreko hizkuntza politikan, lehenengo akordio horrek jaso zuenez.