Bilboko Udaleko Euskara Sailak eta Labayru Ikastegiak, aurreko urteetako bideari jarraituz, lankidetza-hitzarmena sinatu dute, bakoitzak bere esparruan, euskara bultzatu eta sustatzeko, bai eta helburu honekin ere: hiriko biztanleek euskara gero eta estimu handiagoan izatea, euskara ezagutzen dutenak gero eta gehiago izatea eta euskararen erabilera sustatzea, hala hiztunen kopuruari nola hizkeraren kalitateari dagokionez.
Labayru Ikastegiak euskara eta euskal kulturaren ikerkuntzan, sorkuntzan eta zabalkundean duen ibilbide luze oparoa kontuan hartuta –Bizkaiari dagokionez bereziki- beronen jarduerak, Euskara Sailarenarekin bat egiteaz gain, Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiko funtsezko helburu bi bete-betean ukitzen ditu: hizkuntzaren ondorengoetaratzea eta hizkuntzaren kalitatea.
Lankidetza-hitzarmen hau ikerlanetan, zabalkunde lanetan eta aholkularitzan gauzatuko da.
Ikerlanak Bilboko hizkuntza ondarearen arloari buruzkoak izango dira, euskarari dagokionez, bai alderdi idatzian bai ahozkoan, uriko historian eta bilbotarrenean euskarak izan duen garrantzia eta bilakaera bertoko biztanleen oroimenean berreskuratzeko asmotan. 2011 urtean XX. mendearen hasierako hamarraldietan gertatu zen euskal hizkuntza eta kulturaren pizkundearen inguruko mugimenduaz –Euskal Pizkundea- dokumentatu, hautatu eta ezagutaraztea izango da lan nagusia, Bilbok mugimendu horretan izan zuen garrantzizko zeregina kontuan hartuta.
Zabalkunde lanean ikus-entzunezko bat produzituko da, bertan aipatutako mugimenduaren sorrera eta nondik norakoak azalduta, eta beren beregi aztertuta euskal hizkuntza eta kulturaren aldeko mugimenduaren barruan Bilbo inguruak izan zuen garrantzizko eragina.
Aholkularitzari dagokionez, Bilboko Udalak eskatu dezakeen arloan lagunduko du Labayru Ikastegiak.