Bilboko Udaleko Euskara Sailak bat egiten du Alkarbidek, Bizkaiko euskara zerbitzuen bilguneak, koordinatu duen “Eman giltza” kanpainarekin. Egitasmo honen helburu nagusia da euskara belaunaldiz belaunaldi transmititzeak daukan garrantzia nabarmentzea.
Urteak dira jaioberrien familiak sentiberatzeko kanpaina hau egiten dela Bilbon, baina oraingoan berrikuntzak iragarri behar dira. Kanpainaren euskarriak jaioberrien etxeetara bidaltzen diren diptikoak eta Ku-ku liburuxka eta CDak osatzen dute.
Diptikoan udaleko arduradunaren gutuna igortzen zaie gurasoei euskararen transmisioa bultzatzera animatzen. Ku-ku liburuxkak eta CDak harrera hobezina izaten duten gurasoen artean. Liburuxkan, gurasoek euren seme-alabekin hitz egiteko oinarrizko euskarazko hitzak eta esamoldeak batzen dira, baita umeentzako abestiak ere, eta CDan liburuxkan agertzen diren abestiak batzen dira, gurasoek letra aurrean dutela umeekin abesteko.
Aurtengo berrikuntzarik garrantzitsuena Eman giltza web orria da. Bertan gurasoentzako aholkuak, tresnak eta baliabideak batzen dira. Gainera hainbat gurasoren testigantzak ere sartu dira beste guraso batzuek izan ditzaketen kezka, beldur edota bestelako zalantzak argitu eta uxatzeko.
Web guneko atalak hiru hizkuntzatan ikusi daitezke eta, hizkuntza batean zein bestean atal berdinak agertu arren, edukia aldatu egiten da tipologiaren arabera gurasoen beharrizanak ezberdinak direlako. Beharrizan, kezka, zalantza eta beldur horiek zeintzuk diren zehatz-mehatz jakiteko kanpaina honen sustatzaileak harreman zuzena izan dute gurasoekin. Eztabaida taldeak eratu dituzte eta horien bidez aurten gurasoek parte-hartze zuzena izan dute kanpainan.