Aurreko urteetan ez bezala, aurten idazle garaikide baten lana irakurriko dute Arriaga antzokira ekainaren 16an hurbilduko diren 400 irakurle inguruk; hain zuzen, Ramon Saizarbitoriak 1995ean argitaratutako Hamaika pauso da Bilbo Zaharra euskaltegiak Klasikoen IV. Irakurraldi etenik gabea eta ozenerako aukeratutako obra.
Aurreko ekitaldietan Axular, Juan Antonio Mogel eta Jon Miranderenak irakurri ziren arrakasta handiarekin.
Euskara Ikasleen Jaia ospatzeko antolatutako ekitaldi honen helburua da, batetik, euskaltegiko ikasle guztien urte guztiko ahalegina txalotzea; eta, bestetik, gure klasikoak ezagutaraziz irakurketa sustatzea.
Saizarbitoriak berak hasiera emango dio irakurraldiari goizeko 8etan eta 12 orduz 400 lagun inguru pasatuko dira Hamaika pauso liburuaren pasarteren bat irakurtzera. Horien artean izango dira euskal kultura, gizarte, kirol, politika eta beste hainbat arlotako pertsonaia ospetsu.
Bilbo Zaharra euskaltegiak antolatutako irakurraldia Bilboko Udaleko Euskara, Gazteria eta Kirol Sailak eta Ipar Kutxak babesten dute.