Bilbo Zaharra euskaltegiak IV. etenik gabeko klasikoen irakurketa ozena antolatu du. Ekainaren 16an izango da Arriaga Antzokian eta aurtengoan Ramon Saizarbitoriaren Hamaika Pausu eleberria irakurriko dute. Pedro Alberdi (Eibar, 1957) irakurketaren kudeatzaileak irakurketaren inguruko azalpenak eman ditu.
Nolatan antolatu zenuten lehenengo etenik gabeko klasikoen irakurketa?
Bilbo Zaharra Forum aspalditik dugun kultur gunea da eta kultur gune horretan beti antolatu izan ditugu ekitaldiak, hitzaldiak… Baina duela bost bat urte pentsatu genuen, erronka, zerbait handiagoa egitea. Bide batez, ikasleen urte amaierako festa beti jan-edanekin lotu beharrean mota honetako ekitaldi batekin lotzea ondo egongo zela pentsatu genuen. Gainera, inbidiaz begiratzen genion Madrilen (Espainia) urtero egiten duten On Kixoteren irakurketari. Guztia bateratuta, zerbait berria egiteko gai ote ginen planteatzera eraman gintuen. Gainera, bazegoen paralelismo bat On Kixote eta Axularren Geroren artean, horregatik lan hori aukeratu genuen.
Nolako harrera izan du ekimenak?
Ekimenarekin aurrera jarraitzearen arrazoia, gehienbat, lehenengo hark izan zuen harrera izan da. Kezka handia genuen zer nolako harrera izango zuen irakurketak, izan ere irakurketa erdia gure ikasleek egiten dute eta beste erdia gizarte eragileei egiteko gonbidapena luzatzen diegu. Horri esker, jendea gure ekitaldi batera gonbidatzeko aukera dugu.
Testuaren arabera jende gehiago edo gutxiagok hartzen du parte?
Ez, justu kontrakoa. Urtetik urtera jende gehiagok hartzen du parte. Iaz adibidez, Haur besoetakoa lana irakurtzearen gonbiteari soilik batek egin zion uko. Aurten ere beste batek egin dio uko. Beti daude salbuespenak, baina gehiengo orokor bati berdin zaio zein den aukeratzen den liburua.
Zenbat pertsona pasatzen dira oholtzatik 08:00etatik 20:00etara?
Gutxi gorabehera 400 pertsona ingururen artean egiten dute irakurketa.
Nola aukeratzen dituzue irakurriko diren klasikoak?
Lehenengoa oso argi zegoen, izan ere, On Kixoteren garaiz, gaiz eta mailaz oso antzekoa den euskal lana Axularren Gero da. Lehenengoa egin ostean zalantza izan genuen liburu berarekin jarraitzea edo liburuz aldatzea, izan ere Madrilen urtero On Kixoteren irakurketa egiten dute. Aldatzea erabaki genuen. Peru Abarka aukeratu genuen bigarren saiorako. Alde batetik, euskalkiz oso ezberdina zelako, historian 160 urteko saltoa egiten genuelako eta Peru Abarka lehenengo euskal nobelatzat hartua delako. Hirugarren liburua aukeratzeko beste 160 urteko saltoa egin genuen eta Jon Miranderen Haur besoetakoa aukeratu genuen. Hirugarren liburu horrekin elizarekin apurtu nahi izan genuen, izan ere bai Axular baita Mogel ere apaizak ziren. Azken lan honekin (Hamaika pauso) egile bizi bat aukeratu nahi izan dugu. Bizien artean klasiko kutsu gehiengoa duena Saizarbitoria da.
Aurtengo irakurketak izango al du ezaugarri berezirik?
Ezaugarri bereziena Saizarbitoria bera irakurtzera etorriko dela da. 08:00etan etorriko da irakurketa egitera.
Zenbat denbora behar izaten duzue ekimen hau antolatzeko?
Irakurketa pasa eta hurrengo egunean bertan hurrengo irakurketako gaia prestatzen hasten gara. Parte-hartzaileen iritziak kontuan hartzen ditugu. Liburua aukeratzeak bere lana dauka, badirudi gauza sinplea dela, baina gauzak ondo ateratzea nahi izaten dugunez, liburua ondo aukeratu nahi izaten dugu.
Zein da irakurketaren helburua?
Ikasturte amaieran ikasleekin egiten dugun ikasturte amaierako jaia da. Irakurketa 08:00etatik 20:00etara izan ohi da. Baina 20:00ak geroztik erromeria, jaia, dantza, jana eta edana egon izan oi dira.
Eta, entzuleen artean izaten al da saio osoa entzuten duenik?
Ez, bukaerara arte ez da inor egoten. Dena den, zenbaitzuk ordu batzuetarako joan oi dira. Jendeak batez beste ordu bat edo bi pasatzen ditu. Gainera, txartel bat ematen diegu taberna batean pintxo bat hartzeko.