Maiatzeko hauteskundeen ostean, Sabin Anuzita (Bilbo, 1975) izendatu dute Bilboko Udaleko Euskara, Gazteria eta Kirol zinegotzi. Udala barrutik ezagutzen du lehendik ere, aurrez Osasun eta Kontsumo Saileko zinegotzi izan baita . Sail berriko buru gisa, Udalaren eginbeharra euskararen erabilera bultzatzea dela uste du, hori izango baita etorkizuneko euskaldunek hizkuntza ezagutzeko bidea.
Uda aurretik hartu zenuen Euskara zinegotzi kargua. Zelan egokitu zara?
Nire kasuan nobedadea ez da kargua izan, aurreko legealdian Osasun eta Kontsumo Saileko zinegotzia izan nintzalako. Egokitze kontua gehiago etorri da organigramaren aldetik, eta etorkizunean gaur egungo eta datozen erronka barriei aurre egitea izango da, are gehiago nire oraingo ardura Euskara, Gazteria eta Kirola dalako, orain arte hirurak batera inoiz izan ez diran sailen antolamendua, helburua.
Erakunde mailan orain arte ez dozu euskara arloan lan egin. Nola ikusten dozu zeure burua erronka barri honen aurrean?
Egia esan, hizkuntza-politikan ez dot inoiz zuzenean lan egin, baina garbi dago udal osoaren kontua dala. Ez daukat inongo dudarik alde horretatik. Gainera ni neu be, beti ahalegindu naz egon nazen sailean euskararen normalizazioaren aldeko pausoak emoten. Orain horren ardura zuzena neurea da eta ahaleginduko naz politika eraginkorra bultzatzen, ez izan dudarik.
Nolakoa izan da lehen hartu-emana alor horrekin?
Lehenengo gauza galdetzea izan da, zer egin dan orain arte eta zein norabide hartu beharko geunkean, krisialdi garai honetan gure baliabideak urriak dirala kontuan hartuta. Euskara, Gazteria eta Kirol Sailak egiten dituen programa guztien azterketa sakona egin dogu eta baita bakoitzak daukazan partida ekonomiko guztien azterketa be. Garai txarrak datoz danontzat eta Udalaren sail gehienetan murrizketa ekonomikoak eukiko doguz. Halanda be, ziur nago gure ama-hizkuntzan eragin gitxi eukiko dabela murrizketok, gurea hizkuntza bizia da eta.
Aurreko legegintzaldian martxan jarritako azken egitasmoetako bat Elebi, udal administrazioa euskalduntzekoa, izan zen. Administrazio arloan lanean jarraituko al du Euskara Sailak?
Elebi egitasmoa baino gehiago da, gure eguneroko lanaren helburu nagusietarikoa da, lehentasunezko helburuetariko bat Bilboko Udala administrazio benetan elebiduna izatea dalako. Eta esan behar dot orain arte egindako ekimenek emaitza onak ekarri dabezala. Argi dago bide horreri jarraitu beharko deutsagula, bilbotarrentzako udal zerbitzuak modu elebidunean eskaini behar diralako. Behintzat, aukera hori eman beharra daukagu. Gainera azpimarratu behar dogu oso lan grisa dala, distira bakoa, baina udal funtzionarioen %40tik gora elebidunak dira. Egindako lana ez da txakurraren putza.
Hiritarrei begira, zer nolako programa garatzea aurreikusten da?
Orain arte egindakoaren bidetik joango gara. Ondo baino hobeto dakigu herritarren artean euskararen ezagutzak urterik urtera gora egiten dauan bitartean, erabileraren bilakaera askoz mantsoago doala. Penagarria da, baina ulergarria. Dana dala, administrazioaren betebeharretariko bat gure herritarrei erabilerarako atea gehiago zabaltzea da. Adin ezberdinetara zuzendutako ekimenak bultzatu behar doguz erabilera sustatzeko. Alde horretatik, hortaz, helburu hori lortzen gehien laguntzen daben ekimenak bultzatuko ditugu, umeei, gazteei, gurasoei zuzenduta, teknologia berrietan oinarrituta… eta, bide batez, gure hizkuntzari prestigioa emoten deutsiezanak.
Ikasturte barriari begira, zein egitasmo zehatz garatuko dira?
Udalaren aurrekontuak urte naturalekoak izan arren, gure programa gehienak ikasturte akademikoaren egutegiak erabakitzen ditu, herri administrazioak baliabide gehienak irakaskuntzan inbertitzen ari garelako euskararen normalizazioari dagokionez. Ikusi eta Ikasi programarekin, Harrapazank, Rafael Mikoleta ipuin lehiaketa, Bilblogari, Mintzakide, Bertsolaritza eskoletan, Athletic Fundazioarekin Euskara eta teknologia berrietan euskararen erabilera bultzatzen, Alkarbide bilgunearekin koordinazioan burutzen ditugun sentiberatze kanpainekin eta euskal jokoak eta jolasak egiten jarraituko dogu, eta ez ahaztu Euskara, Gazteria eta Kirol Sailak askoz ekimen gehiago bultzatzen dituala Bilbon euskararen normalizazioa helburu daukien erakunde eta elkarteen artean banatzen dituan laguntzen bidez. Elkarlana, guztion ahalegin bateratua, ezinbestekoa da.
Barrikuntzarik izango al da?
Ez dot besapean ekarri miraria eragingo dauan programarik, ez dot holakoetan fede handirik eta ez nintzateke politikari zintzoa izango holakoetan jausiko banintz. Hiritarrei esan behar deutseguna da hizkuntza bizi dadin erabili egin behar dala, eta horretarako ekimenak bideratuko doguz. Gainera, hizkuntza ohiturak euskarara erakartzea lan luzea da, egunerokoa eta etenbako hausnarketak eskatzen dituana, are gehiago Bilbo lako inguru batean. Aurten neurketa garrantzitsu bi izango dira Bilbon, bost urterik bost urtera burutzen diranak: Eustatek egiten dauan zentsua eta Soziolinguistika Klusterraren kale-neurketa. Gurago dot neurketa horien datuen nondik norakoak aztertu eta egiten ditugun ekimenakaz alderatu bai eta orain arte egindakoa be barrutik ondo ezagutu, aurrerantzean izango diran berrikuntzak gure helburuaren zerbitzura jartzeko.
Zein izango dira egitasmo horien xede-taldeak, hau da, nori zuzenduko zaizkie?
Batez ere, lehen aipatu ditudan ume, gaztetxo eta gazteei, bai eta horiekin eragiten dabezan gurasoei be euskara ikasteko laguntzak eskainiz, edo gure hirian eta inguru zabalean oso indartsua dan merkataritza sektoreari zuzendutako Biribilko plana. Azken baten, gure gizartean xede-talde guztiak dagoz sare handi bakarrean txertatuta. Ezin baztertu, alde horretatik herritar guztioi zuzendutako ekimenak, klasiko baten jendaurreko irakurraldia edo Euskararen Nazioarteko Egunaren inguruan osatzen dogun programa, esaterako.
Ana de Castrok, aurreko Euskara zinegotziak, elkarrizketa batean adierazi eban Bilbo euskalduntzea zela aurrera begirako erronka. Helburu berarekin egingo al du lan Euskara, Gazteria eta Kirol Sailak legegintzaldi barrian?
Guztiz konforme nago Anak esandakoagaz. Euskaraz bizi garanok Bilbon biztanleriaren laurden bat baino ez gara, beste laurden bat erdi-euskaldunak edo gara, beraz esan daiteke biztanleriaren erdia euskaraz berba egiteko eta bizitzeko gauza dala, nahiz eta batzuk ez erabili gura edo ahal bezainbeste. Azken urteotako bilakaerari erreparatuta, euskalduntze erritmoa nahiko bizkor igo da, herritarren borondatean oinarrituta eta herri erakunde orokorragoek emandako bitartekoei esker. Alde horretatik, Udalaren gaurko zeregina gehiago ikusten dot erabilera bultzatzearen bidetik, azken baten, gaur egungo hiztunon jarduna dalako etorkizuneko euskaldunen ezagutzaren iturri nagusia.