"Harrapazank" programaren zazpigarren edizio honekin Bilboko Udaleko Euskara, Gazteria eta Kirol Sailak gazteen artean euskararen erabilera sustatu eta haientzako kultur eskaintza handitu nahi ditu jarduera berriekin. Horretarako, besteak beste, "Harrapazank Eszenatokia" talentuko gazteentzako lehiaketa antolatu du eta horretan gazte bilbotarren 53 taldek eman dute izena.
"Harrapazank" Euskara Zuzendaritzak, Topagune eta Euskara Elkarteen Federazioarekin batera, abian jarritako ekimena da eta horretan BBK babeslea dugu.
12 eta 18 urte bitarteko gazte bilbotarrentzat euskara, hezkuntzatik eta arlo akademikoetatik aparte, eguneroko hizkuntza izatea xede du programa honek eta horretarako aisialdia emateko jarduera erakargarri berriak eskaini nahi dizkie gazteei; hau da, haien gustuko jarduerak.
"Harrapazank Eszenatokia" izeneko lehiaketan gazteek dohain eta gaitasun zein trebetasun artistikoa zein dantzaren eta musikaren arloan erakusteko aukera izan zuten.
Zehatzago, aurten, 188 gaztek eman dute izena, 53 taldetan. Ikuskizunak prestatzeko gazteek profesionalen laguntza eduki dute. Parte hartzen duten taldeek ikuskizun bana aurkeztuko dute, 3 eta 5 minutu tarteko iraupenekoa, sailkatzeko galetan. Gala hauek martxoaren 17an eta 18an izango dira, Bilborock aretoan, 19:00etan. Handik irtengo dira finalistak, martxoaren 31ko galan parte hartuko dutenak. Finalean aukera izango dute 1.500 euro irabazteko.
Beste alde batetik “Harrapazank kalea” argazki-lehiaketa dago zazpigarren edizio honetan. Bilboko irudiak igo behar dira www.harrapazank.com/argazki-lehiaketa/ webera eta horietatik aukeratuko du epaimahaiak irabazleak. Sariak: tablet bat eta argazki-kamera bat. Epaia martxoaren 31n emango dute ezagutzera. Finala martxoaren 31n izango da Bilborock aretoan. Sarrerak doan eskura daitezke www.barrabarra.eu webgunean.
Gainera, Zergatik arropa-markaren eskutik, moda-desfilea izango da aurten, hain zuzen, martxoaren 25ean, Bilborocken. 40 gaztek parte hartuko dute eta taldeka entseatu dute eszenategian aurkezpena egiteko. Profesionalek osatutako epaimahaiak erabakiko du talde irabazlea eta 100 euroko txeke bana emango die taldeko kideei Zergatik markako denboraldi berriko arropak erosteko.
Desfilea amaituta, Ukabila taldeak doako kontzertua eskainiko die bertaratutakoei. Bilboko laukote honek joan zen edizioan “Distirazank” lehiaketa irabazi zuen.