Bilbo Zaharra euskaltegiak makina bat urte daramatza, Euskaltzaindiarekin sinatutako hitzarmenaren laguntzaz, “Euskal kulturaren ajeak eta literatura” foroa antolatzen. Gaur eguneko idazlerik, musikaririk eta bertsolaririk ezagunenek izaten dute hitza bertan.
Ekainaren 14an izango den Klasikoen 5. Irakurketa jarraiari hasiera emateko aurtengo maiatz-ekainerako ekitaldi hauek antolatu dituzte Arantxa Urretabizkaiaren Zergatik Panpox lanaren inguruan:
Maiatzaren 31n, Ana Urkizaren hitzaldia izango da: “Idazleak begirada dakar. Eta begiradarekin paisaia zehatz bat marraztuz doa. Baina kolorea, besteak beste, irakurleek, editoreek, kritikariek eta komunikabideek ematen diote idazlearen obrari. Sistema oso batek txertatzen du obra bere lekuan.”
Ekainaren 7an, Gemma Lasartek emango du hitzaldia: “Hitzaldi honetan batik bat proposatuko da Zergatik Panpoxeko ama euskal literatur pertsonaia protagonisten zerrendan sartzea. Hartara, kritika historiografikoak pertsonaiaren garapenean aipatutako Joanes, Leturia eta berritsuaren osagarri bilakatuko litzateke estreinakoz pertsonaia protagonista femenino bat euskal literaturan.”
Ekainaren 13an Josune Muñoz arituko da: “Kanon berri bat eraikitzeko abiapuntua izan zela ustean, eleberri labur honek baitan gordetzen duena xehetasunez iruzkinduz gero, bere garaiko eta gaurko modernitate zein klasikotasuna aurkitzen saiatuko gara”.
Ekitaldiok Euskaltzaindiak Bilboko Plaza Barrian duen egoitzan izango dira 19:00etan.
Bilbo Zaharra euskaltegiaren web orriak aukera ematen du aurreko ekitaldietako bideoak ikusteko.