Urteak dira Zenbat Gara elkarteak euskararen irakaskuntzan diharduela eta bere azkenekoetako proiektua da Atoan! argitaletxea. Ez da ohiko argitaletxea, ekoizten dituen lanak ez dira euskarazkoak bakarrik, euskara irakurterrazekoak dira, hizkuntza ikasten ari direnei nahiz euskaraz jakin arren irakurtzeko ohiturarik ez dutenei zuzenduak. Xabier Monasterio (Bilbo, 1959) Atoan!-eko argitalpen arduraduna da.
Atoan! argitaletxea 2011ko abenduan jarri zenuten martxan. Orain arte zer moduzko harrera izan du?
Batere harrokeriarik gabe, baina bai harrotasunez, esango nuke harrera ezin hobea izan duela. Ez genuen espero jendeak hain harrera beroa egingo zionik eta espero ez genuen lekuetatik ere jarri dira gurekin harremanetan. Guk liburuok euskara ikasten ari den jendeari begira atera genituen baina zenbait eskoletatik, ikastoletatik eta institututatik ari zaizkigu deitzen, haientzat ere liburu egokiak direla esanez, eta erosten ere ari dira.
Iaz Durangoko Azokan izan ginen eta han jada ikusi genuen interes berezia dagoela halako literatura erraztuarekiko. Gero, gure hasierako susmo hori egiaztatu besterik ez dute egin datuek. Gure aurreikuspenak gainditu egin dituzte.
Nondik sortu zen argitaletxea eratzeko ideia?
Esango dudana esatea arriskutsua da baina… gaur egun liburuak etsai asko dauka, normala den bezala. XXI. mendean bizi gara eta ikus-entzunezkoek erabateko garrantzia hartu dute gizarte honetan. Baina liburuek oraindik ere badute garrantzia eta eragina hizkuntzak ikasteko garaian. Iruditzen zitzaigun euskal literaturaren eta produkzioaren barruan halako hutsune bat bazegoela eta asko direla literatura mailakatu baten beharra duten euskaldunak eta euskara ikasleak. Euskaldunak ere diot, badaudelako gutxi irakurtzen dutenak edo irakurtzen dutena berehala ulertu nahi dutenak eta ezin dutenak beraien euskara maila ez dagoelako oso normalizatua. Horiek ere zerbait irakurri nahi lukete baina ez dute beren mailarako egokia den libururik aurkitzen. Horientzako zerbait egin nahi genuen, hutsune bat osatze aldera eta hortik etorri zen ideia.
Beste faktore bat izan da atzerriko hizkuntzetan ikusten genuela, eta ikusten dugula, erabat normalizatua daudela bi literatura maila: maila osoa, sorkuntza osokoa, eta beheko maila, interes batzuei begira erraztua eta egokitua. Guk hori martxan jarri besterik ez dugu egin.
Nola islatzen da aipatzen duzun literatura mailakatu hori Atoan! argitaletxeko liburuetan?
Orri kopuruan, adibidez: liburuak gehienez ere 128 orrikoak dira, handik aurrerakorik ez dugu onartzen. Literatura mailakatua orri kopuru mugatuko literatura da. Liburuen letra tamaina normalean baino pittin bat handixeagoa da; liburuak hainbat kapitulutan banatuta daude irakurterrazagoak bihurtzeko eta hainbat hitz edo esamolde ulertzeko azalpena dute orrialdean bertan. Beraz, oso literatura bideratua da.
Oraingoz lau liburu (Ehuneko ehun, Hego itsasoetako ipuinak, Lurtarrak eta Maggie, kaleko neska bat) argitaratu dituzue.
Bai, oraingoz lau, eta beste horrenbeste datoz. Ikasturte berrirako bete-betean ari gara lanean eta bide beretik jarraitu nahiko genuke.
"Euskara errazean" bilduman argitaratu dituzue orain arteko liburuak baina "Gogaide" saila ere martxan jartzeko asmoa duzue.
Horretan ere ari gara, baina nolabait "Euskara errazean" bildumaren erantzun onak behartuta, jendea datorren urterako liburuak eskatzen ari zaigu eta hor espektatiba batzuk sortu dira. "Gogaide" sailean liburu bat edo pare bat ateratzeko asmoa genuen, pentsamenduaren ingurukoak, eta baditugu liburu baten eskubideak erosita, baina itxaron egingo dugu. Gure enpresa-egitura oso txikia da oraindik eta saltsa gehiegitan sartzen bagara ez gara iritsiko nahi dugun horretara, lehentasunezkoa den horretara. "Gogaide" saila egingo dugu baina ez orain.
Zein izango da bi sailen arteko ezberdintasuna? Sail berri horretako liburuek ere lehen aipatutako ezaugarri berak izango al dituzte?
Hori da, saiatuko gara liburu errazak, egokituak, atseginak, gustagarriak izan daitezen, baina edukiak ez dira izango literarioak, baizik eta pentsamenduzkoak. Gizarte gai bat hartuko dugu, ekologia esaterako, eta gai horren inguruko hausnarketa egingo dute hainbat adituk, eta guk horri forma erraztua emango diogu.
Nolakoa da liburu bat argitaratzeko prozesua, hau da, nola aukeratzen da, adibidez, zein liburu argitaratu edo moldatu?
Nahi genuke, ez dakit asmatu dugun ezta beti asmatuko dugun ere, irakurleen gustuen eta interesen araberako hautua egitea. Horrek esan nahiko luke asmatu egin dugula eta beraien gustuko liburua atera dugula. Ez da erraza editore lana, erabakitzeko lan hori, baina guk garrantzia ematen diogu liburu naturala izateari, nahiko lineala izateari (hasiera, korapiloa eta bukaera argi samarra izateari), egitura argia izan dezala… horrelako gauzak hartzen dira kontuan. Eta norberaren gustuak ere beti daude hor.
Pentsatu al duzue irakurleen artean iritzi bilketarik egitea modu horretara zein liburu irakurtzea gustatuko litzaieken jakiteko?
Hori jakiteko oso bide erraza daukagu: ikastetxeetan, institutuetan, euskaltegietan… saltzen dugu eta bertan baditugu irakasle laguntzaileak, urtero-urtero esango digutenak "begira aurten hartu dugun liburu hori gustatu zaie" edo "oztopo bat topatu dute halako kapitulutan eta hemendik harako pauso hori ez dute ongi ulertu". Beraiek ere lanerako tresna gisa erabiliko dutenez, kritikak egingo dizkigute eta kritika horietatik guk liburuak hobetuko ditugu. Beraz, gure itxaropena horiek heltzea da, eta dagoeneko heldu zaizkigu kritika eta komentario batzuk. Euskaltegi batean, adibidez, esan digute alboko hiztegian adibide bat jarrita definizioa emanda baino hobeto ulertuko luketela. Guretzat, adibidez, hori oso pista ona da.
Argitaletxe hau liburu mota jakin bat ekoizteko sortu duzue. Aurrera begira pentsatu al duzue bestelako liburuak kaleratzerik?
Nahiko sakonduta daukagu hori. Zorionez, azken 25-30 urteetan euskal literaturak sekulako iraultza izan du eta bai azpiegitura eta bai lan aldetik mugimendu handia eta ederra sortu da. Badago hor argitaletxeen azpiegitura bat eta iruditzen zaigu ez duela handitu behar. Argitaletxe kopurua nahikoa da, nahiko berezituak daude eta egitekotan, hutsuneak betetzera etorriko diren proiektuak gauzatu behar dira. Nolabait esateko argitaletxe berezituak, espezializatuak, egin behar dira eta guk hizkuntzaren eta literaturaren didaktikan espezializatu nahiko genuke, beste inoren lurretan sartu gabe, bakoitzak baduelako bere esparrua.
Lan ederra egiten ari dira eta zertan sartuko gara lehian? Zergatik kendu behar diogu zati bat ongi egiten duenari? Egin dezala, jarrai dezala ongi egiten eta guk bila dezagun beharrezkoa den eta landu gabe dagoen beste esparru bat.
Guk ez dugu lehian sinesten, ez dugu pentsatzen enpresak lehiatzeko egin behar direnik. Uste dugu elkarren osagarri izan behar dugula, are gehiago gurea bezalako kultura egoera batean, dena daukagu egiteko, gauza asko dago egin gabe, eta hasten bagara eginda dagoen apur hori zatikatzen eta elkarren artean banatzen, azkenean areago txikituko dugu berez txiki samarra den esparrua.