Euskara, Gazteria eta Kirol Sailak, Interneteko Nontzeberri.com kultura atariarekin elkarlanean, "BilBlogari" euskarazko blogen lehiaketa abian jarri du aurten ere.
Ekimenaren helburua, euskararen erabilera Interneten eta euskarri digitaletan indartzea da eta euskarri digitaletan ez galtzea. Horrela bada, 15 eta 35 urte bitarteko Bilboko gazte euskaldunek euren bitakora zibernetikoa euskaraz sortu gura izanez gero, euren lana sarituta edukitzeko aukera izango dute.
Blogak aurkezteko epea astelehenean, urriak 1, hasi zen eta interesdunek sarrera berriak eskegi ahalko dituzte blogetan azaroaren 23ko 13:00etara arte. Parte hartu nahi dutenek www.bilblogari.net webgunean izena emateko dagoen orria bete eta blogaren adierazgarria izango den irudia, jpg formatuan, bidali behar dute. Baldintzak parte-hartzaileak Bilbokoak izatea edo hiriarekin zerikusirik edukitzea eta bloga noizean behin elikatzea. www.bilblogari.net webaren bidez parte-hartzaileen blogetara sartu eta lehiaketari buruzko informazioa ikus daiteke.
Hiru kategoria ditu lehiaketak: blog pertsonalak, taldeko blogak, eta blog tematikoak. Parte-hartzaileek aurreko kategoria guztietara aurkez daitezke, eta zenbat-gura blog aurkez ditzakete. Hala ere, blog bat kategoria bakarrera baino ezin daiteke aurkez, hau da, aurkeztutako blog hori kategoria bakarrean egongo da.
Hiru kategoria
Azaroaren amaieran epaimahaiak erabakia hartuko du. Hiru kategorietako bakoitzean bitakorarik onena aukeratuko dute saritua izateko. Horretarako epaimahaiak kontuan hartuko ditu irudimena bloga sortzeko eta elikatzeko orduan. Era berean, atarietako euskararen maila, kalitate literarioa, diseinua, gaurkotze maila eta originaltasuna ere baloratuko dira.
Hauek dira sariak: Blog pertsonal onenarentzat 200 euro, taldeko blog onenarentzat 200 euro eta blog tematiko onenarentzat 200 euro.
Argibide gehiago: www.bilblogari.net, www.nontzeberri.com, www.bilbao.net
NONTZEBERRI.COM
Nontzeberri.com web orriaren izaera kultura, dibulgazio eta dinamizazio arloetakoa da. Bilbon euskaraz eskainitako ekitaldi eta programak sustatu eta horiei arreta berezia eskaintzen die. Euskarazko produktuen dibulgazioa egiten du web-orri honek eta sormen-arloko programak eskuragarri jartzen ditu, teknologia berriak tartean, Literatura, Musika, Ikus-entzunezko, Argazkigintza, Bertsolaritza eta Arte Eszenikoen alorrean, besteak beste.