Urte berriaren etorreraz, Bilboko Udalak euskarazko ikuskizunik onenak hurbildu nahi dizkie hiriko umeei ‘Ikusi eta Ikasi’ programaren 9. edizioaren eskutik. Aurten, 40 ekitaldi baino gehiago antolatuko dira hiri osoko udaltegi, ikastetxe eta areto desberdinetan eta, gurasoen partehartzea sustatu nahian, era askotako tresna baliagarriak biltzen dituen bloga www.ikusietaikasi.net sareratu da.
Antzerkia, magia, musika, pailazoak, ipuin kontalariak, familia osoarentzako tailerrak eta bestelako proposamen eszeniko bitxiak aurki daitezke, urtarrilaren 14tik martxoaren 23ra bitartean, Bilboko Udaleko Euskara, Gazteria eta Kirol Sailak —Euskara Elkarteen Topagunearekin batera— urterik urte bultzatzen duen ‘Ikusi eta Ikasi’ ikuskizun-programaren aurtengo eskaintza zabalean.
Ikuskizun hauek 2 eta 8 urteko umeei eta gurasoei zuzenduta daude.
Ikuskizunak leku hauetan izango dira:
- Begoñako udaltegia: Club Deportivoren Zirko Amateurren kalea, 2.
- Deustuko Bidarte udaltegia: Agirre Lehendakariaren etorbidea, 42.
- Castañoseko udaltegia: Castaños, 11.
- Errekaldeko udaltegia: Altube zeharkalea, 6.
- Abando udaltegia: Barrainkua, 5.
- Epalza Alargunaren ikastetxea: Tiboli kalea, 5.
- Juan Delmas ikastetxea: Zamakola kalea, 174.
- Karmen Aretoa: Indautxu plaza z/g.
- Bilborock aretoa: Mesedeetako kaia, 1.
Azken helburua eskaintza Bilbo osora zabaltzea da.
Beste jardueren artetik hauek aipatu gura ditugu:
- Jolasen Txokoa; umeentzako erakusketa dinamikoa izango da eta jostailuak, jokoak, ipuinak, filmak, musika eta bideojokoak erabiliko dira.
- Nola lagundu gure seme-alabei eskolako lanekin?; Euskara ez dakiten gurasoentzako laguntza eta orientazio tailerra eskainiko da. Iñaki Eizmendi hezitzaileak eguneroko egoera horiei erantzuna emango die kasu praktikoen bidez.
- Seme-alabekin errezeta dibertigarriak sukaldatzeko tailerra; Euskararen transmisioa familiaren eremuan bultzatzeko, sukaldeko errezeten tailer praktikoa emango da, tresna baliagarria baita heziketa-prozesuan. Sukaldari profesional batek errezeta batzuk erakutsiko ditu, jolasen bidez, euskaraz.
- Mozorrogintza tailerra; Haur eta gurasook elkarrekin mozorro bat sortzeko aukera izango dugu.
Informazio gehiago: