Bilboko Udaleko Euskara, Gazteria eta Kirol Sailak maiatzaren 16an banatu ditu Rafael Mikoleta Ipuin Lehiaketaren XXV. edizioko sariak. Lehiaketa horretan uriko ikastetxeetako lehen eta bigarren hezkuntzako ikasleek hartzen dute parte.
Rafael Mikoleta lehen euskal gramatika egilearen izeneko ipuin lehiaketa hau, 1989an hasita, urtero egin da eta euskararen ezagutza bultzatzea eta gazteak euskal literatura lantzera animatzea du helburu.
Aurtengo edizioan 927 ipuin aurkeztu dira. Oinarrietan lau kategoria ezarri dira: A – Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. mailak; B – Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailak; C – DBHko 1. eta 2. mailak; eta D – DBHko 3. eta 4. mailak.
Bestalde, saritutako ipuinak eta epaimahaikideen arabera argitaragarriak diren ipuinak biltzen dituen liburua aurkeztu da sari-banaketa ekitaldian bertan, eta edizioan parte hartu duten guztiei udan argitalpenaren ale bana bidaliko zaie.
Hauexek izan dira Rafael Mikoleta Lehiaketaren XXV. edizioko epaimahaiko kideak: Sabin Anuzita Pomposo, Bilboko Udaleko Euskara, Gazteria eta Kirol Saileko zinegotzia, epaimahaiburua; Lutxo Egia, Igone Etxebarria, Irune Berro, Jesús Etxezarraga, Juan Ramón Madariaga, Txani Rodríguez, Luis Gutierrez eta Pedro Alberdi, epaimahaikideak; eta Nagore Layuno, idazkaria.