Bilboko Udaleko Euskara, Gazteria eta Kirol Sailak, urtero bezala, Rafael Mikoleta Ipuin Lehiaketa antolatu du ume eta gazte bilbotarren artean euskara bultzatzeko.
Rafael Mikoleta lehen euskal gramatika egilearen izeneko ipuin lehiaketa hau, 1989an hasita, urtero egin da eta euskararen ezagutza bultzatzea eta gazteak euskal literatura lantzera animatzea du helburu.
1989tik gaur arte ia 15.000 ipuin aurkeztu dira, eta aurtengoa XXVI. edizioa izango dugu, eta gutxienez iaz aurkeztu ziren 927 ipuin kopurura heltzea nahiko genuke.
Asko izan dira, ume koskor zirela idazten hasi eta nerabezarora arte, lehiaketa honetara euren ipuinak ilusio handiz aurkeztu dituzten bilbotar gazteak.
Oinarrietan lau kategoria ezarri dira eta kategoria bakoitzeko 3 sari egongo dira, bai eta accesitak ere epaimahaiaren iritziz argitaratzeko egokiak diren egileentzat.
Idazlanak euskaraz idatziak eta marrazkiz osatuak ez ezik, originalak izan behar dute.
Epaimahaia literatura munduarekin lotutako pertsona hauek osatzen dute: Luis Gutierrez, Jesus Antonio Etxezarraga, Igone Etxebarria, Pedro Alberdi, Irune Berro, Txani Rodriguez, Lutxo Egia eta Juan Ramón Madariaga.