Mahatserriko Berton aldizkariak, Deustualdeko Prest! aldizkariak eta Bilbo Hiria Irratiak, TOKIKOM toki komunikabideen bateragunearen laguntzaz, uriola.info sortu dute. Bilboko Kafe Antzokian aurkeztu dute egitasmo berria, eta bilbotar guztiak gonbidatu dituzte bertan parte hartzera.
Prest! eta Berton aldizkarien arduradunak, Lur Malleak, eta Bilbo Hiria Irratiko Jabi Zabalak webgunearen ezaugarrien berri eman dute. Erredakzioak landutako gaiez gaien, Uriolak tarte zabala eskaintzen dio Komunitateari, hots, irakurleek bidalitako edukiei.
Uriolaren helburuetako bat Bilboko euskaldunak aktibatzea da, eta hori lortzeko, ezinbestekoa da izaera irekia eta parte hartzailea izatea. Elkarteek, kirol taldeek, eragile sozial eta politikoek, erakundeek, norbanakoek… Uriolaren ateak zabalik daude zeresana duten bilbotar guztientzat, baldintza bakar batekin: esan behar duten hori euskaraz adieraztea. “Uriolaren zeregina ez da soilik albisteak ematea, baizik eta Bilboko euskaldunak animatzea, kontatu behar dutena konta dezaten, hori da modu bakarra Bilbo bezalako hiri handi batek eman dezakeen informazio guztira ailegatzeko”.
Uriolaren sustatzaileek lan handia egin dute asteotan Komunitatea hainbat eragileri aurkezten, eta emaitza argia da. Webgunearen Komunitatea atalean sartuta, era guztietako talde eta norbanakoak ageri dira partaideen artean: konpartsak, elkarteak, mendi taldeak, bertso-eskolak, hedabideak… 20 taldek eta 40 norbanakok onartu dute jadanik Uriolako kide izateko gonbidapena. Dena den, ateak zabalik jarraituko du, eta parte hartu nahi duenak webgunean izena ematea baino ez dauka, erabiltzaile berria sortuz edo Twitter zein Facebook bidez sartuta.