Euskal Herriko mintzalagun guztiak biltzen dituen festa Izarran (Araba) izango da aurten maiatzaren 31n. Eguna antolatzearen ardura pozik hartu du Gorbeialdeko mintzalagun taldeak eta goizetik hasi eta gauera arte luzatuko den festa antolatu dute.
Herriko mintzalagun eta euskaltzaleek goizeko 11:00etan Euskal Herriko txoko ezberdinetatik etorritako mintzalagunei harrera egingo diote. Harreraren ostean, Beluntzako ur jauzietara mendi ibilaldia edo jolas mintzodromoaren artean aukeratu beharko dute. Goizeko ekimenei bukaera emateko, kalejira, bazkaria, sari banaketa eta erromeria izango dira. Azkenik festazaleek gaztetxean antolatutako kontzertuetan gaua luzatzeko aukera izango dute.
Bazkarian izena emateko epea maiatzaren 6tik 23ra egongo da zabalik, herri bakoitzeko mintzalagunen bidez edo amaia@topagunea.org helbidera idatzita.