Agur Meabek saria “esanguratsutzat” jo du, lekeitiarra bada ere azken 30 urteetan Santutxu eta Solokoetxe auzoetan bizi izan baita, eta askotan, aitortu du, leku horiexek izan direla bere inspirazio iturri. Orain egun gutxi zendutako aitari eskaini dio saria idazleak.
Unai Baztarrika idazle gazte beasaindarrak, berriz, bere estreinako poesia liburua aurkeztu du; Ezinbestean. VI. Blas de Otero lehiaketako euskararen atalean lehen saria irabazi ostean Erein argitaletxeak kaleratu berri du lana. Olerkietan, dio liburuaren egileak, bere bizitzako etapa baten amaiera islatzen da, eta oso lan pertsonal moduan azpimarratu du.
Maiatzaren 29tik ekainaren 8ra arte iraun duen Bilboko 44. Liburu Azokan, beste zenbait ekitaldiren artean Bizkaiko Foru Aldundiak argitaratzen duen Bizkaiko kondairak bildumako lanik berriena ere plazaratu dute: Enkarterriko ipuinak /Cuentos encartados. Bildumako laugarren lana, Bizkaiko beste eskualde batzuetako kontakizunak biltzeko asmoa dutela azaldu dute antolatzaileek.