Bilboko Udal Txistulari Bandak 180 musikarik, abeslarik eta dantzarik lagundutako kontzertua eskainiko du ekainaren 28an Bilboko Euskalduna Jauregian. Bandak hamar urte ospatzen dituela eta antolatutako Hamar urte, hamaika lagun kontzertuan arituko dira, besteak beste, Eñaut Elorrieta, Niko Etxart, Andoni Egaña, Gorka Sarriegi, Kepa Junkera eta Gozategi.
Adin guztietarako erakargarri izan daiteken egitaraua osatu nahi izan dute antolatzaileek, eta Garikoitz Mendizabal bandako zuzendariak adierazi du moldaketa asko egin daitezkeela XXI. mendeko txistuarekin eta tradizioa modernoarekin nahasteko asmoa dutela.
Larunbatean iluntzeko zortzietan emango dio hasiera Andoni Egañak saioari, eta horren ondotik taularatuko dira musikari, abeslari eta dantzariak, txistulariekin batera. Ordu eta erditik gorako ekitaldia eskainiko dute, eta sarrerak salgai daude dagoeneko, 5 eurotan Euskalduna Jauregiko leihatilan bertan.
Bilboko Udal Txistulari Bandak 2004tik hona egindako ibilbidea omenduko dute, beraz, gonbidatu berezi eta guzti, hilaren 28an, larunbata, 20:00etan Euskalduna Jauregian.